Politika -

ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

Erraustegiaren proiektuan luzamendua eskatu dute

EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza-IU alderdiek, hainbat sindikatuk eta gizarte taldek eskatu dute erraustegiaren gaineko proiektuan sei hilabeteko luzamendua, 'eztabaida' zabaltzeko gizartean.

Donostian, goizean, egin duten agerraldia.
Donostian, goizean, egin duten agerraldia.
Donostian, goizean, egin duten agerraldia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zubietako erraustegiaren proiektuan sei hilabeteko luzamendua eskatu dute EH Bildu, Podemos eta Ezker Anitza alderdiek, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek eta hainbat talde ekologistek, gizartean gaiaren inguruko "eztabaida sakona" garatzeko xedearekin. "Epe honen helburua eztabaida serio, sakon eta partekatua egitea da, bertan alderdi politikoak, erakunde sindikalak, talde ekologistak eta, oro har, gizarte zibil zabalak, Gipuzkoak behar dituen hondakinak kudeatzeko azpiegiturei buruz hausnartzeko", esan dute ekimenaren ordezkariek.

Donostian goizean egin duten agerraldian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote luzamendua. Zehaztu dutenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak datorren astean, uztailaren 28an, egingo duen bileran aurkeztuko dute ofizialki eskaera. Aurreikusitakoaren arabera, erraustegia eraikitzeko baldintzen txostena onartuko du GHK-k bertan.

Iban Asenjo (EH Bildu), Maria Valiente (Podemos), Xabier Pombo (Ezker Anitza-IU), Amaia Colina (ELA), Olatz Arozena (LAB) eta Enrique Marcos (CCOO) egon dira goizeko prentsaurrekoan. "Argi dago egon badagoela bideragarria, eraginkorra, moldagarria eta jasangarria den alternatiba, ingurumen zein osasun ikuspegitik. Bada konponbide ekonomikoagoa, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa: konpost instalazioetan zein gaikako sailkapen eta tratamendu instalazioetan oinarrituta. Hori guztia gauzatzeko, neurri politiko ausartak behar ditugu, baina nekez lortuko dugu 34,5 milioi euroko kostea duen erraustegia egiten badugu", esan dute.

Luzamendu eskera aintzat hartzen ez bada, mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute. "Herritarrei balizko mobilizazioen aurrean adi egoteko deia egiten diegu. Gipuzkoako gizarte zibil antolatuak besterik ezingo dio aurre egin makroproiektu 'publiko-pribatu' honi, eta Gipuzkoa iraunkortasun eta osasunaren arlora bideratu", gaineratu dute.

EAJ eta PSE-EE gai honekin azaltzen ari diren "itxitasuna" kritikatu dute. Erraustega, "proiektu garestia" izateaz gain, pertsonen osasunean "ondorio larriak" utziko dituen azpiegitura dela salatu dute. Hori dela eta, "arduraz" jokatzeko eskatu diete jeltzaleei eta sozialistei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Donostia Gipuzkoako albisteak Alderdi politikoak berriak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Ingurumena albisteak Ezker Anitza-IU