Politika -

Auzitegi Gorenean

Jaurlaritzak helegitea jarriko du Ertzaintzaren LEParen epaiaren aurka

Eusko Jaurlaritzak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenaren aurrean eta, beraz, Ertzaintzaren 25. promozioak bere bidea egingo du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du helegitearen berri. Artxiboko argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du helegitearen berri. Artxiboko argazkia: EiTB
Erkoreka: 'Autogobernuaren ezaugarrietako bat urratu dute'

0:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenaren aurrean Euskadiko Auzitegi Nagusiak Ertzaintzaren 25. promozioa baliogabetu ostean eta, horrenbestez, lan deialdi publikoak bere bidea egiten jarraituko du.

Estatu espainiarreko Administrazioak 250 lanpostuko lan deialdi publikoaren kontrako helegitea aurkeztu zuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du orain. Horrenbestez, baliogabetu egin du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lan deialdi publikoa.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka. Beraz, dagoeneko martxan dagoen lan deialdi publikoa ez da geldiaraziko eta ertzain berriek beren egiaztagiriak jaso ahal izango dituzte datorren ostiraletik aurrera.

Espainiako Ordezkaritzari kritikak

Bestalde, Erkorekak Espainiako Gobernuaren jarrera deitoratu du, haren esanetan, Estatu Administrazioak aurkeztutako helegiteak "euskal autogobernuaren oinarrizko alderdietako" bati eraso egiten diolako.

“Eusko Jaurlaritza deialdia Euskadiko PPk eta berak pertsonalki Eusko Legebiltzarrean zehazten lagundu zuten markoaren barruan kudeatzen” ari dela gogorarazi dio Erkorekak Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariari.

Zentzu horretan, Urquijo berehala kargutik kentzea eskatu du EAJk, “euskal autogobernuaren aurkako erasoaren arduradun nagusia” delako.

“Segurtasuna bermatu”

Lan eskaintza publikoa “segurtasuna bermatzeko” beharrezkoa dela defendatu du Erkorekak. Jaurlaritzako bozeramailearen ahotan, “bakea eta segurtasun publikoa bermatzeko orduan, EAEko administrazioen erantzukizuna zalantzatan” jartzen dute helegiteek.

“Segurtasuna bermatzeko baliabiderik ez badugu, gero kontuak eskatzea zaila da”, erantsi du Erkorekak.

EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak “herritarren gutxieneko segurtasuna mantentzea” eragozten duela ohartarazi du ErnE sindikatuak. Lan eskaintza publikoa amaierara arte eramateko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari.

Bestalde, EH Bilduren esanetan, Euskadik “bere erabakiak esparru guztietan errespetatzeko estrategia” bat behar duela “beste behin ere frogatu” du EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza albisteak Auzitegi Gorena albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea EAEko Justizia Auzitegi Nagusia