Politika -
1978-1999 epean
Poliziaren biktimen legea onartzeko akordioa lortu dute EAJk eta PSEk
Behin betiko testua uztailaren amaieran onartuko dute. 1978tik 1999ra izandako biktimak aitortzea eta eragindako mina onartzea da asmoa.
Agentziak | Erredakzioa
1978tik 1999ra Poliziaren gehiegikeriek eragindako biktimak aitortzeko legea onartzeko akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk. Sozialistek legeari berme juridiko gehiago emateko aurkeztutako zuzenketa ia guztiak sartu dituzte testuan.
Behin betiko idatzia ostegunean eztabaidatu eta onartuko dute lantaldean, eta batzordean, gerora. Aurreikuspenen arabera, uztailaren 28an Eusko Legebiltzarrean egingo duten azken osoko bilkuran onartuko dute legea.
Bi alderdietako iturriek baieztatu dute akordioa. Jeltzaleen esanetan, testuan PPk aurkeztutako zuzenketa "dezente" eta EH Bilduren "batzuk" ere erantsi dituzte.
Babes handienarekin
EAJren eta PSE-EEren botoekin nahikoa da legea aurrera ateratzeko, baina gainerako alderdiei itunera biltzeko eskatu diete sozialistek. PSE-EEren hitzetan, legea ahalik eta babes handienarekin onartzea dute helburu.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea eta biktima horiei ordaina emateko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Orain onartuko duten legea 2012an Patxi Lopezen gobernuak bultzatutako dekretu baten jarraipena da. Dekretu hura 1960-1978 epean Poliziaren biktimak izan zirenei buruzkoa izan zen, eta 1978-1999 epean izandakoak hartuko dituzte kontuan lege-proiektu berrian.
Berme juridikoa
Espainiako Gobernuak iragarrita du errekurtsoa aurkeztuko duela Eusko Jaurlaritzak landutako lege-proposamena bere horretan onartuz gero. Barne Ministerioaren arabera, zirriborroaren zenbait puntuk Konstituzioa urratzen dute, eta Balorazio Batzordeari (biktima izaera aitortu behar du) emandako hainbat eskuduntza Estatuarenak ziren.
Arlo juridikoan, "oinarri sendoa" duela defendatu du EAJk hasieratik, baina sozialistek proposatutako helegite batzuk onartu ditu azkenean, berme juridiko gehiago emate aldera.
EH Bilduk aurkeztutako zuzenketei dagokienez, EAJko iturriek onartu dute gehienak ez dituztela kontuan hartu, "legearen espiritua nahasten" dutela iritzita.
Patxi Elola legebiltzarkide sozialistak azaldu duenez, "errepresio bidegabea"ri egiten zitzaizkion aipamen oro kendu dituzte testutik. Izan ere, horren esanetan, giza eskubideen urraketa batzuk ez ziren errepresio bidegabe baten ondorio, "botere eta indarkeriaren erabilera bidegabea azken ondorio izan zuten baina bidezkoak ziren ekintza polizialena baizik".
Demokrazia garaian erakundeetatik merezi zuten babesa jaso ez duten horiei ordaina eman nahi diete horrela, Elolak azpimarratu duenez. Horren esanetan, baina, terrorismoaren biktimen eta poliziaren gehiegikerien biktimen arteko konparazioak saihestu dituzte testuan.
Gainerako alderdien erreakzioa
EH Bilduk ez du oraingoz adostutako testu honen inguruko iritzirik eman. Hainbat zuzenketa aurkeztu zituen koalizio abertzaleak. "Estatu indarkeriaren" biktimak eta terrorismoaren biktimak parekatzea eskatu zuen, besteak beste.
Alderdi Popularraren ustez, behin betiko proiektu honek ez ditu PPren aldarrikapenak asetzen. Alderdi Popularra kritiko azaldu da testuak ez dielako ETAren mehatxupean egondakoei edota kale indarkeriaren kaltedunei biktima izaera onartuko.