Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Rajoy-Sanchez, Espainiako gobernagarritasunerako bilera erabakigarria

PSOEk, dagoeneko, aurreratu du ez duela PPren Gobernurik ahalbidetuko.

Rajoy eta Sanchez, joan den otsailean egin zuten bileran. EFE.
Rajoy eta Sanchez, joan den otsailean egin zuten bileran. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jardunean dagoen Espainiako Gobernuko presidenteak Pedro Sanchez PSOEko burua Diputatuen Kongresuan bildu dira, exekutibo berria osatzeko egiten ari den bilera-errondaren baitan. Bere inbestidurarako babes bila jo du sozialistengana Rajoyk, baina PSOEk, dagoeneko, aurreratu du PPren Gobernuari ezetz bozkatuko diola eta abstentzioaren aukera ere baztertuta duela.

Atzo goizean Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin elkartu zen Rajoy. PPren Gobernua babestea baztertu egin zuen alderdi laranjak, baina Rajoyren Gobernua ahalbidetzeko abstentziora jotzeko aukera zabalik utzi zuen. Zuzendaritzaren bilera deitu du gaurko Ciudadanosek, Rajoyren balizko inbestidura saioan (lehendabiziko eta bigarren bozketan) alderdiak izan behar duen jarrera erabakitzeko: kontra edo abstentzioa.

Pablo Iglesias Podemoseko burua ere atzo elkartu zen Rajoyrekin, arratsaldean. Bileraren ostean egindako adierazpenetan, Iglesiasek PSOEri egin zion presio. Podemoseko idazkari nagusiak esan zuen Alderdi Sozialistak abstentzioaren bitartez Rajoy presidente izatea ahalbidetzen badu, PSOE Alderdi Popularraren bazkide bilakatuko dela, eta, ondorioz, Podemos izango litzatekeela oposizioko lehen indarra.

Cesar Luena PSOEren Antolakuntza idazkariak, bere aldetik, asteon nabarmendu duenez , Rajoyren Gobernuaren aurrean sozialistek duten  jarrera "jakinekoa" da. Dena dela, hirugarren hauteskundeen edota abstentzioaren artean zer aukeratuko luketen galdetuta, honakoa erantzun du: "Gauza bakoitza bere momentuan".

Inbestidura, udan

PPk Gobernua lehenbailehen osatzeko premia nabarmendu du, azken egunotan, behin eta berriz, sei hilabetez jardunean egoteak "herrialde osoari kalte" egiten diola argudiatuta. Popularren hitzetan, alderdi eta buruzagi guztiek "arduraz" jokatzen badute, uztailaren amaieran edo abuztuaren hasieran egin liteke inbestidura saioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista PP Rajoy Espainiako Gobernua albisteak Espainia Unidas Podemoseko buru ohia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Albisteak Gaur Eguneko albisteak Albert Rivera