Politika -
AUZITEGI GORENA
Ebazpen bat baliogabetu du Gorenak, tortura salaketak ez ikertzeagatik
Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxeberria ETAko kideei ANk ezarritako 15 urteko espetxe zigorra utzi du bertan behera Auzitegi Gorenak, bi akusatuek egindako tortura salaketak ez zirelako ikertu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak baliogabe utzi du Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria ETAko kideei, 2006an INEMen bulego baten kontra lehergailua jartzeagatik, ezarritako 15 urteko espetxe zigorra, bi akusatuen tortura salaketak ez zirelako ikertu.
Epaiketa berriro egitea agindu du Gorenak. Auzipetuen defentsak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu zuen Gorenak, eta lehen aldiz onartu du Giza Eskubideen Europar Auzitegiaren doktrina.
Azken urteotan, Europar Auzitegiak hainbat ebazpen kaleratu ditu, Espainia zigortuz, ETAko kideek aurkeztutako tortura salaketak ez ikertzeagatik. 2014ko urrian, esaterako, Etxebarriari 29.000 euro ordaintzera zigortu zuen Europak Espainia, horrek aurkeztutako tratu txar eta sexu abusu salaketak ez zirelako ikertu. Atxilotu zutenean, Guardia Zibilak sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen.
Orain baliogabe geratu den 15 urteko kartzela zigorraz gain, Zapiraini eta Etxebarriari ia 500 urteko espetxe zigorra ezarri zieten, Eduardo Puelles polizia inspektorea eta Luis Conde Lurreko Armadako kidea hiltzea egotzita.