Politika -

ESPAINIAKO GOBERNU BERRIA

Rajoy EAJko ordezkariarekin bilduko da gaur

Espainiako Gobernua osatzeko bilera errondaren baitan, jeltzaleen txanda izango da gaur. Aitor Esteban hartuko du jarduneko presidenteak Moncloan.

EAJrekin bilduko da bihar Rajoy

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jardunean dagoen Espainiako presidenteak Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen eledunarekin bilduko da gaur, Gobernu berria osatzeko bilera errondaren baitan. 10:30ean dute hitzordua bi agintariok, Moncloa Jauregian, Espainiako Gobernuak baieztatu duenez.

Asteon, Rajoyk egingo duen bigarren bilera izango da. Atzo, Fernando Clavijo Kanarietako Gobernuko presidentearekin eta Jose Miguel Barragan Coalicion Canariako idazkari nagusiarekin bildu zen jarduneko presidentea.

Estebanek herenegun SER irrati katean aurreratu zuenez, Rajoy telefonoz jarri zen harremanetan jeltzaleekin, hitzordua zehazteko.

EAJko diputatuaren arabera, negoziazio horiek EAJk bideratuko ditu, eta ez Iñigo Urkullu lehendakariak.

'Marra gorririk' ez

Andoni Ortuzar EAJko presidentearen esanetan, jeltzaleek ez dute negoziazioetan "marra gorririk" ezarriko. PSOEri zuzendu zaio jeltzaleen burua, eta "ezkutaketan" jolasteari uzteko eskatu dio. "Beldurrik gabe" eta "arduraz", PPren beste gobernu bat ahalbidetuko duen erabakitzeko esan dio Ortuzarrek PSOEri.

Escorialgo udako ikastaroetan, Madrilen, egin ditu adierazpenok EAJko buruzagiak. Horren iritzian, jeltzaleen botoak ez dira erabakigarriak izango Espainiako Gobernua osatzeko; izan ere, PSOEk du giltza eta sozialisten esku dago Rajoyk presidente izaten jarraitzea edo ez.

Gaurko bilerara "entzutera" joango direla esan du, "beste helbururik gabe". Ortuzarren hitzetan, hauteskundeek utzitako emaitzen aurrean, PSOEk hartu behar du erabakia. "Ezinbestekoa da PSOEk zer egin behar duen berehala argitzea", esan du, eta bi aukera daudela: PPren Gobernu bat babestea edo hauteskundeak deitzea berriro, hirugarrenak. Ezkerreko alderdien arteko akordiorik ez duela aurreikusten adierazi du jeltzaleak.

PSOEk Espainiaren etorkizunaren "giltza" izatea patuaren ironiatzat jo du. "Horregatik, sozialistek arduraz eta beldurrik gabe hartu behar dute erabakia", gaineratu du.

Atzo Iñigo Urkullu lehendakariak esandakoen inguruan, Oturzarrek adierazi du euskal presoak hurbiltzea ez dela EAJk ezarriko duen marra gorria, baina onartu du jeltzaleen "euskal agendan" jasota dagoen gaietako bat dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Rajoy berriak Espainiako Gobernua Espainia albisteak Alderdi politikoak Albisteak Gaur Albisteak