Politika -
POLEMIKA
Ministroaren dimisioa eskatu dute Sanchezek, Iglesiasek eta Riverak
'Público' hedabideak kaleratutako entzuketak direla-eta eskatu dute hiru hautagaiok jarduneko ministroaren dimisioa, eta Fernandez Diaz nahasita egon den beste polemika batzuk ekarri dituzte gogora.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jorge Fernandez Diaz jardunean dagoen Barne ministroaren dimisioa eskatu dute Pedro Sanchezek (PSOE), Pablo Iglesiasek (Unidos Podemos) eta Albert Riverak (Ciudadanos), bakoitzak bere kanpaina ekitaldian, Público hedabideak gaur argitara emandako entzuketak direla-eta.
Fernandez Diazen eta Daniel de Alfonso Kataluniako Ustelkeriaren aurkako Bulegoko buruaren arteko elkarrizketak zabaldu ditu 'Público'k. Duela bi urte egindako entzuketa batzuetan, ERCko eta CDCko kideak ustelkeria kasuetan nahasteaz hizketan entzun daitezke Fernandez Diaz eta De Alfonso.
Dimisioa eskatzeaz gain, Fernandez Diaz jarduneko ministroa nahasita egon den beste polemika batzuk ekarri dituzte gogora hiru hautagaiok.
Sanchezen irudikoz, "jardun politikoa" utzi egin beharko luke Fernandez Diazek. Buruzagi sozialistak esan du iazko udan eman behar zuela dimisioa ministroak, Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiarekin "ezkutuko bilera bat" egin zuela zabaldu zenean. Bankia aferan nahasita dago Rato.
Iglesiasen ustez, "berehala" dimititu beharko luke jardunean dagoen ministroak. Gaur kaleratutako entzunketek agerian uzten dute, Unidos Podemos koalizioko buruaren iritzian, alderdi independentisten aurkako konspirazio saiakera egon zela. "Grabazioak entzun ditut, eta, berez, herritarrak babestu beharko lituzkeen ministro bat bere kargua erabiltzen ari da arerio politikoak ikertzeko. Horrek berehalako dimisioa ekarri beharko luke", esan du. Rivera ere ildo beretik mintzatu da. Fernandez Diazen dimisioa eskatzeaz gain, Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentearen azalpenak eskatu ditu, bera ere jakinaren gainean zegoen argitzeko.