Politika -

AUZITEGIAK

Ertzaintzaren LEPa eta Euskal Curriculuma errekurrituko ditu Espainiak

Eusko Jaurlaritza oso haserre agertu da, eta Josu Erkoreka bozeramaileak Espainiako Gobernuaren 'estrategia birzentralizatzailea aseezina' dela salatu du.

Eskumen urraketa oso larria salatu du beste behin Jaurlaritzak

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak errekurtsoak jarriko ditu Euskal Curriculuma arautzeko dekretuaren eta Ertzaintzaren azken Lan Eskaintza Publikoaren aurka. Gainera, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak urratu egin du Lanbidek enplegua sustatzeko duen eskumena. Hori dela eta, Gasteizko Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera joko du.

Jaurlaritza oso haserre agertu da, eta Josu Erkoreka bozeramaileak Espainiako Gobernuaren "estrategia birzentralizatzailea aseezina" dela salatu du. Helegite horiei funtzionarioen 35 orduko lan-astearen, 'fracking'aren edo etxebizitza legearen kontra jarritakoak gehitu behar zaizkie.

Jardunean dagoenetik, abendutik, bost errekurtso jarri ditu Espainiako Gobernuak Jaurlaritzak hartutako erabakien kontra.

Erkorekak salatu duenez, dagoeneko, EAEko hiru lan-eskaintza publiko errekurritu ditu Espainiak legealdi honetan. Horrek eskaintzara aurkeztu nahi dutenei eragiten dien "segurtasun juridikorik eza" nabarmendu du bozeramaileak.

Hezkuntza Sailak LOMCE legeak Lehen Hezkuntzako 6. mailan ezartzen duen azterketa ez egitea erabaki ondoren, erabaki hori ez dela zuzena ohartarazteko, errekerimendua igorri dio idatziz Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari. Erkorekaren ustez, beste errekurtso bat etor daiteke, errekerimendua aintzat hatzen ez bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa