Politika -

Eusko Legebiltzarra

Inpunitatearekin amaitzeko itxaropena dute Pili Zabalak eta Asun Lasak

Lasa eta Zabalaren arrebek agerraldia egin dute Legebiltzarrean, Estatuaren indarkeriaren eta poliziaren gehiegikerien biktimak aintzat hartzeko lege berriaren inguruko iritzia emateko.

Pili Zabala eta Asun Lasa Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Pili Zabala eta Asun Lasa Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Lasa eta Zabalaren arrebek bazterturik sentitu direla salatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pili Zabalak eta Asun Lasak uste dute Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren Estatuaren indarkeriaren eta polizien gehiegikeriaren biktimak aintzat hartzeko lege berriak “inpunitatearekin eta irainekin” amaitzen lagunduko duela.

Joxi Zabala eta Josean Lasaren arrebek agerraldia egin dute Gasteizko Ganberako Giza Eskubideen Batzordean, 1978tik 1999ra bitartean “legez kanpoko errepresioaren ondorioz” izandako giza eskubideen urraketen biktimak aintzat hartzeko lege-proiektuaren inguruan duten iritzia emateko.

Joxi eta Josean 1983. urtean bahitu, torturatu eta hil zituen GAL erakundek terroristak. Auzitegi Nazionalak, besteak beste, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren generala eta Julen Elorriga Gipuzkoako gobernadore zibila zigortu zituen gertakari horiengatik.

Pili Zabalak eta Asun Lasak gogora ekarri dute 75 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkietela, baina aspalditik libre daudela, “egindako krimengatik inolako damurik agertu gabe”.

Ildo berean, GALek egindako hilketengatik zigortutako pertsonei indultua eman dietela salatu dute. “Biktimen batzuen eta beste artean ezberdintasunak daudela erakusten du horrek”, deitoratu dute.

“Orain dela gutxira arte instituzioek ETAk eragindako mina soilik ikusten zuten eta ezikusiarena egiten zuten Estatuak eta Poliziak eragindako indarkeriaren aurrean”, kritikatu dute. “Orain arte ikusezinak ginen eta egun, oraindik, biktima guztiei ez zaie tratu bera ematen”, nabarmendu dute.

Asun Lasak, bestalde, torturatua izan zela kontatu du eta bere egoera berean pertsona asko daudela esan du, “baina oraindik beldurra dute eta ez dira ausartzen egin zietena kontatzera”.

Horrez gain, tristura agertu du biktimen artean “maila ezberdinak” daudelako, guztiak indarkeriaren biktimak izan badira ere.

Pili Zabalak adierazi du “baztertuta” sentitu duela bere burua eta sentipen hori Estatuko indarkeriaren biktima guztiek konpartitzen dutela azpimarratu du.

Sakabanaketaren biktimak aintzat hartzeko eskatu du Etxeratek

Etxerateko ordezkaritza batek ere hartu du parte Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.

Biktimak aitortzeko lege berriak espetxeetara bidean hil edo zauritu diren presoen senide eta lagunak aintzat hartzeko eskatu dute Rafa Isasi eta Urtzi Erauzkin Etxerateko bozeramaileek.

“Sufritzen dugun guztiok gara biktimak eta biktima guztiok merezi dugu errekonozimendua, era batekoa edo bestekoa, benetako eta luzarorako bakea nahi badugu”, adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Presoak bideoak ETA albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Pili Zabala Terrorismoaren Biktimak Gaur GAL albisteak