Politika -
PRESOAK
Euskal presoen egoera salatuko du Europan Sare plataformak
EHUko Ikasmirak ikerguneak egin duen txosten bat helaraziko dio Europari presoen aldeko plataformak. Bertan, Espainiaren kartzela politikak presoen eskubideak urratzen dituela ondorioztatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sare plataformak ETAko presoen egoerari buruzko txosten bat aurkeztuko du Europako zenbait erakundetan. EHUko Ikasmirak ikasketa juridikoen diziplina arteko ikerguneak egin du txostena, eta 100 legelarik hartu dute parte bertan. Espainiaren kartzela politika eta politika judiziala salatu dute lan horretan, eta Europako Auzitegien erabakiak Espainian ez direla aintzakotzat hartzen ondorioztatu dute.
Goizean aurkeztu dute ikerketa, Bilbon, Iñaki Lasagabaster Ikasminak zentroko zuzendariak, Jaione Carrera abokatuak eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak. ETAko presoen egoera eta Espainiako Gobernuaren kartzela politika aztertu dituzte txostengileek.
Besteak beste, Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak, Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoak, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak, Patxi Zabaleta Aralarreko buru izandakoak, Xabier Arzalluz jeltzale historikoak eta Jone Goirizelaia abokatuak izenpetu dute agiria. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako zenbait erakunde eta eragileri helaraziko dio Sarek dokumentua.
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, Europan, Giza Eskubideen Auzitegira eta Parlamentuko hainbat batzordetara joko dute, eta Nazio Batuen Erakundeari ere helaraziko diote. Azkarragaren hitzetan, bost urte beteko dira laster ETAk jardun armatua utzi zuenetik. "Askok pentsatu zuten gatazka eta enfrentamendua atzean geratu ziren aro berria zabalduko zela. Bost urte geroago ikusten dugu ez dela horrela izan", esan du. Espainiaren espetxe politikak, sakabanaketaren bitartez edota hainbat arau aplikatzeari uko eginez, Europako jurisprudentziak ezarritakoaren kontra egiten duela gaineratu du.