Politika -
EUROVISION 2016
Eurovisionek barkamena eskatu, eta kendu egin du 'zerrenda beltza'
ETBk jakin ahal izan duenez, Eurovision dokumentu berria prestatzen ari da, eta, hor ere, ikurrinak diskriminatuta jarraituko luke.
EITB.EUS
Eurovision 2016 jaialdiaren prentsa-bulegoak, Olatz Arrieta ETBk Bruselan duen korrespontsalari bidalitako mezu elektroniko baten bidez, barkamena eskatu du ikurrinaren debekuaren inguruan sortutako harrabotsagatik. Bertan diotenez, zabaldutako barne araudia "zirriborro" bat baino ez zen, ez behin betikoa. "Zirriborroak norbait iraindu badu, barkamena eskatzen dugu", jaso dute mezuan. Hala ere, jaialdiaren zuzendaritzak azaldu du euren asmoa ez zela ikurrina ISISekin parekatzea.
ETBk jakin ahal izan duenez, Eurovision prestatzen ari den zirriborro berrian ikurriñak diskriminatuta jarraituko luke.
Euskal alderdi guztiek gogor gaitzetsi dute Eurovisionek atzo publikatutako debekatutako banderen zerrenda. Iñigo Urkullu lehendakariak ere, zorrotz kritikatu du eta "okerra" lehenbailehen zuzentzeko eskatu dio Eurovisioni. Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak ere zuzenketa eskatu du.
Jaialdiko antolakuntzak igorritako mezu laburrean zehazten duenez, gaur publikatuko dute, seguruenera, "behin betiko dokumentua". Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Eurovisonek zuzenketaren berri eman diola, eta horren "zain" daudela.
Suediak Espainian duen enbaxadorearekin, Manuel Garcia-Margallo jardunean dagoen Atzerri Gaietako ministroarekin, Alfonso Alonso jarduneko Osasun ministroarekin, Euskadiko PPren zuzendaritzarekin eta RTVEko buruekin harremanetan jarri da goizean Eusko Jaurlaritza, egoera bideratzeko. "Ikurrina debekatutako zerrendan egotea salatu dute guztiek", nabarmendu du Jaurlaritzak.
Irrati-difusioko Europako Batasunak (UER), zeinak Eurovision festibala antolatzen duen eta telebista publiko europarrak batzen dituen, eskatu die Globe Arenari eta AXSi dokumentua segituan kentzeko euren webguneetatik; halaber, UERk aurreratu ere aurreratu du aipatu dokumentuaren ordez testu ofizial bat txertatuko duela, non adibiderik agertuko ez den. Hala, ostiral honetan bertan argitaratuko dute azalpen osoa duen dokumentua, Eurovision.tv festibalaren webgune ofizialean.
Ildo horretan, RTVEk gehitu du, ohar batean, ?behin betiko dokumentu eta bandera-politika ofiziala?, ?adibiderik gabekoak?, Eurovisionen webgunean argitaratuko dituztela ostiral honetako arratsaldean; horrekin batera, azalpenak emango dituzte.
Barne-araudia
Eurovision jaialdiaren barne-araudia zorrotza da banderen erabilerari dagokionez. Mmaiatzaren 14an Stockholmera joango direnek ezingo dituzte astindu mezu komertzialak dituzten banderak, diskriminatzaileak direnak edo liskarrak dauden lurraldeetakoak. Halaber, lehiaketan debekatuta daude tokiko edo lurraldeko banderak.
Emanaldian zehar, Eurovisionen parte hartzen duten herrialdeetako banderak hobetsiko dira, eta Europar Batasunekoa edota hostadarrarena ere onartuko dira, betiere, helburu politikorik gabe erabiltzen badira.