Politika -
EUROPAKO PARLAMENTUA
Euskal gatazkaren konponbidean inplikazioa eskatu dio Otegik Europari
'Kolonbian eta Irlandan egin zuen bezala', Euskal Herriko bake prozesuan parte har dezala eskatu dio Europari Sortuko idazkari nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak Europako Parlamentuan esan duenez, "politika berria" iragartzera joan da Bruselara. Europan egiten ari den biraren baitan, gaur hitzaldia eskaintzera joan da Europako Ganberara, Basque Friendship Group taldeak gonbidatuta. Hitzaldi-aretora sartu aurretik hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan, Mariano Rajoy Espainiako jarduneko Gobernuaren presidenteari zuzendu zaio, iraganean iltzatutako politikak alboratu eta etorkizunera begiratzeko deia egiteko. "Politika berria iragartzera etorri gara. Beraiek (Espainiako Gobernua) iraganean iltzatuta jarraitzen dute; guk, aurrez aurre, etorkizunari heldu nahi diogu", esan du.
Gernikako Bonbardaketaren 79. urteurrena dela eta, minutu bateko isilunearekin hasi da Otegiren agerraldia Euopako Parlamentuan. Ondoren, Otegik gaineratu du isilunea "euskal gatazkaren biktima guztiak" gogoratzeko ere egin duela.
Espainiako Gobernuari iraganean iltzatuta egotea leporatu dio Otegik, eta euskal presoen egoera salatu du. Egoera horren aurrean, Europako Batasunari "laguntza eta inplikazioa" eskatu dio buruzagi independentistak: "Kolonbiarekin eta Irlandarekin egin zuen bezala", Euskal Herriko "bake prozesuan parte har dezala eskatu dio Europari.
Espainiako Gobernuaren jarrera "atzerakoia" salatu du Otegik. "Estatuaren gabezia larriak estaltzeko, nire pertsona edota euskal gatazka erabiltzea estrategia okerra da, porrot egingo duen estrategia", nabarmendu du.
Hitzaldia amaitzeko, Otegik adierazi du bake prozesua amaieraraino eramateko konpromisoa duela, "oztopo guztien gainetik".
Hitzaldia amaitu denean, Parlamentuan bertan elkarretaratzea egin dute, Otegiren agerraldia salatzeko, Maite Pagazaurtundua eta Maria Teresa Becerril eurodiputatu popularrek deituta. "Otegi bertara etorri zaigu, baina ez biktimen alde egiteko, baizik eta terrorista direnen alde egiteko", esan du Pagazaurtunduak.
Atzo, Jonathan Powellekin bildu zen Otegi. Euskal Herriko bake prozesua azken muturreraino eramateko konpromisoa agertu zion buruzagi independentistak Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zenaren kabineteburu ohiari.