Politika -
NAFARROA
Torturaren aurkako kartelak erakutsi ditu EH Bilduk Foru Parlamentuan
Ana Beltran PPNko parlamentaria hitza hartzera zihoanean erakutsi dituzte kartelak. 'Tortura, zuek’, esanez, Beltranek alde egin du Ganberatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Torturaren aurkako kartelak erakutsi dituzte EH Bilduko Nafarroako parlamentariek, Foru Parlamentuan gaur egin duten bilkuran. Ana Beltran PPNko ordezkaria hitza hartzera zihoanean erakutsi dituzte afixak, eta ekintza horren aurrean, buruzagi erregionalistak aretotik alde egin du.
Asteon, Burlatan, izandako atxiloketen harira egin dute protesta-ekintza ezker abertzaleko parlamentariek. Zortzi lagun atxilotu zituzten, tartean, Txelui Moreno Sortuko kidea, tortura salatzeko Burlatan egindako mural batekin zerikusia zutelakoan. Mural horren irudi bera zuten kartelak erakutsi dituzte gaur Foru Parlamentuan.
"Tortura, zuek. Ez duzue lotsarik", esan die ezker abertzaleko ordezkariei Beltranek. "Hiltzaileak" babestu izana leporatu dio PPNko kideak koalizioari.
Ainhoa Arnarez Foru Parlamentuko presidenteak EH Bilduko kideei kartelak erretiratzeko ohartarazi die. Une horretan, Beltranek aretotik alde egin du. Ezker abertzaleko ordezkariek afixak gorde dituztenean, bilkurarekin jarraitu dute.