Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
Gizon bat atxilotu dute Palman, Estatu Islamikoarekin lotura duelakoan
Ikertzaileek zabaldu dutenez, 'jihadisten aldeko mezuak' zabaltzen zituen sare sozialetan, 'atentatuak goratuz', eta Estatu Islamikorako kideak aukeratzea zen bere arduretako bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizon bat atxilotu du Polizia Nazionalak, Palman, ISIS erakundearekin lotura duelakoan. Espainiako Gobernuko Barne ministerioak jakitera eman duenez, sare sozialak erabilita, Estatu Islamikorako kideak aukeratzea zen bere arduretako bat. "Hori dela eta, segurtasun nazionalarentzat mehatxu argia zen", polizia-operazioaren arduradunen arabera.
Ikertzaileek zabaldu dutenez, "jihadisten aldeko mezuak" zabaltzen zituen sare sozialetan, "atentatuak goratuz". Siriarako edota Irakerako bidaiak egiteko gonbitak ere egiten zituen sarean, aipatutako iturrien hitzetan.
Sarean baita ere, baina talde jakin batzuen barruan, Espainian edota Europan atentatu terroristak egitera bultzatzen zituen kideak, Poliziak esan duenez.
Antza, ISIS erakundearen Siriako buruzagiekin "harreman zuzena" zuen, eta horiek bidaltzen zizkioten aginduak, Espainian edota Europan egin beharreko erasoen inguruan.
Zabalik jarraitzen du operazioak, Auzitegi Nazionalak eta Fiskaltzak zuzenduta. Lehen informazioen arabera, 26 urteko gizon marokoarra da atxilotutakoa.