Politika -
PARADISU FISKALAK
Soriak beste sozietate bat izan zuen Jerseyko paradisu fiskalean
Fernandez Diazek esan du bere taldeko "kide" eta "lagunarekin" fido dela. "Nik sinesten dut", gaineratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Manuel Soria jardunean dagoen Espainiako Industria ministroak beste sozietate bat izan zuen Jerseyko paradisu fiskalean, El Mundo egunkariak aurreratu duenez. Mechanical Trading Limited zen enpresaren izena, eta Soria ministroaren eta horren anaiaren izenean zegoen erregistratuta.
Mechanila Trading Limited zen Oceanic Linesen akziodun nagusia, % 80arekin, eta Soriak aitortu du enpresa horretan presidente izan zela.
El Mundoren arabera, Mechanical Trading Limited 2002an desegin zuten, eta erabaki horretan bi administratzaileen sinadura dago: jarduneko ministroa eta Luis Alberto anaia.
Canal Trustek kudeatzen zuen offshore elkarte hori, Panamako Paperetan agertu den UK Lines Limited Bahametan ireki zuen BBV Privanzaren filialak hain zuzen ere.
1992ko bi hilabetetan Soria elkarte horren adiministratzaile (gero anaiak ordezkatu zuen akats baten argudiopean) zela jakin ostean, jarduneko ministroak esan zuen sekula ez duela elkarterik eduki paradisu fiskaletan.
Gero jakin zen Soria izen bereko beste elkarte baten idazkari izan zela, baina Erresuma Batuan erregistratu zutela, eta ministroak esan zuen hedabideen bitartez jakin zuela elkarte horren idazkari gisa agertzen zela. Manuel Soria aitak eta Manuel kadi bazkideek erdibana sortutako elkarte bat zela ere azaldu zuen.
Soria kargutik kentzeko eskatu dio oposizioak Rajoyri
Alderdia eta Gobernua, astelehenera begira
Gobernuak eta PPk Soria ministroak astelehenean egingo duen agerraldia aipatu dute, Panamako paperetan azaleratutako loturaren inguruan azalpenak emateko.
Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidentea Cuencan izan da PPren ekitaldi batean parte hatzen, probintzia diputazioak defendatzeko, baina hitzaldian ez du aipamenik egin Soriaren gaiari, eta, era berean, ez ditu adierazpenak egin kazetarien aurrean.
Gobernutik esan duten gauza bakarra izan da Soriak azalpenak eman dituela jada aste honetan, eta gogorarazi egin du berak proposatu duela bere burua Kongresuan agerraldia egiteko.
Agerraldi hori bera ere izan da alderdiko zenbait iturriren ahotan, Soriak eta Panamako paperen arteko loturak aste honetan agertu eta gero.
Fernandez Diaz: "Nik sinesten dut"
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak babesa agertu dio gaur, osteguna, Soria ministroari. Diazek esan du taldeko "kide" eta "lagunarekin" fido dela. "Nik sinesten dut", gaineratu du.
"Ni fidatzen naiz, eta ez bakarrik errugabetasun ustezkotasuna existitzen delako, baizik eta sinesten dudalako, kontrakoa konfirmatu ezean nik sinesten dut", Usera Madrileko barrutiko Polizia Nazionaleko polizia-etxe batean esan duenez.
Gainera, gogorarazi duenaren arabera, Soriak "iragarri egin du dagoeneko Kongresuan agertuko dela astelehenean", eta, hortaz, Soria "ministro, lagun eta kideak beharrezko azalpenak emango ditu". "Ziur nago behar diren azalpenak emango dituela, zalantzarik egon ez dadin".