Politika -
PANAMAKO PAPERAK
Soria ministroa, Panamako paperetan
'El Confidencial' hedabideak zabaldu duenez, UK Lines Limited 'offshore' enpresaren administratzaileen artean ageri da Jose Manuel Soriaren izena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Manuel Soria jarduneko Industria ministroa eta Kanarietako PPren presidentea Panamako paperetan ageri da, El Confidencial hedabideak baieztatu duenez. Hain zuzen, Bahametan erregistratutako UK Lines Limited offshore sozietatearen administratzaile gisa ageri da Soria. Aipatutako iturriaren arabera, 1992. urtean hainbat hilabetez izan zen enpresa horren administratzaile.
Eraso informatiko baten bidez Panamako Mossack Fonseca abokatu-bulegotik hamaika milioi agiri argitara eman ostean jakin ahal izan da, besteak beste, mundu osoko hainbat eta hainbat politikarik eta funtzionario publikok bulego hori erabiltzen zutela euren aberastasunak ezkutatzeko eta, modu horretan, zergen ordainketa saihesteko. Aipatutako agirietan, 200 herrialde eta lurralde baino gehiagotan dauden 214.000 offshore sozietate baino gehiagori buruzko informazioa azaltzen da.
La Sexta telebista kateari egindako adierazpenetan, Soriak ukatu egin du offshore sozietate bateko administratzaile izan zela. Horren hitzetan, familia enpresa bat zuten, eta UK Lines Limited familia enpresaren kontsignatarioa baino ez zen. Horren esanetan, bere familiak ez du zerikusirik enpresa horrekin.
Gaur zabaldutako informazioaren arabera, Mossak Fonseca abokatu-bulegoak 1992ko irailaren 3an erregistratu zuen UK Lines Limited sozietatea, Bahametan, Tomas Poggio, Mendez Fernandez de Lugo eta Jose Manuel Soriaren izenean.
Ministroaren izena, baina, bi hilabeteren buruan, 1992ko azaroan, kendu zuten administratzaileen zerrendatik, akats bat egon zela argudiatuta. Luis Alberto Soria anaia izendatu zuten orduan administratzaile.
1995ean desegin zuten sozietatea, Soria Las Palmaseko (Kanaria Handia) Alkatetzara iritsi baino aste batzuk lehenago.
Soriak erreguzko mandatua bidaltzea eskatuko dio Panamako Gobernuari
Jose Manuel Soria Espainiako jarduneko ministroak erreguzko mandatua bidaltzea eskatuko dio Panamako Gobernuari, "ez herrialde horretan eta ez inon" gisa horretako sozietaterik ez duela eta horiekin zerikusirik ez duela frogatzeko.
Hala iragarri du Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordeak. Haren esanetan, ikerketapean ez dagoen pertsona bati eskatu ahal zaion "gorena" da. Casadok azpimarratu du "azaldu" beharreko guztia azaldu duela Soriak eta, gainera, berak dioena ziurtatzeko eskatu diela Panamako agintariei.