Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Agintaldiko 1.000 egunen balantzea egingo du Urkulluk, kritiken erdian
Gobernu Programaren betetze mailaren berri emango du lehendakariak, eguerdian, 200 bat goi-karguk lagunduta, egingo duen agerraldian. Oposizioak aurrekanpainako ekitalditzat jo du deialdia.
EITB.EUS
Mila egun dira Eusko Jaurlaritzak Gobernu Programa aurkeztu zuela, eta balantzea egingo du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, 12:00etan, Lehendakaritzan. Sailburu eta goi-kargu ia guztiez lagunduta, 200 bat denera, agertuko da.
Gobernu Programaren betetze mailaren berri emango du lehendakariak, eta legealdiaren errepasoa egingo du. Hala nola, Udal Legea nabarmenduko du Urkulluk, bere agintaldiko lorpen nagusienetakoa.
Oposizioaren kritikak
Ikusmin handia piztu du agerraldiak, legealdiko azken urtea izanik, hitzetik hortzera ibili delako azkenaldian hauteskundeak aurreratzeko aukera. Oposizioak aurrekanpainako ekitalditzat jo du deialdia.
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeamaileak hauteskundeak aurreratzeko asmorik duen argitu dezala eskatu dio lehendakariari, "horrelako agerraldiekin" gizartea "entretenitu" beharrean.
Pastorren iritzian, gaurko ekitaldia hauteskunde kanpainaren hasiera ofiziala baino ez da. "Kanpaia abiatu nahi badu, herritarrei esan diezaiola hauteskundeak noiz deituko dituen. Hala ez bada, propaganda egiteari utzi eta datozen hilabeteotarako lehentasunak zehaztu ditzala", esan du.
EH Bilduk, bere aldetik, uste du Urkulluren Gobernuak "huts egin duela" eta helburu nagusiak ez dituela bete. Ekonomia berpiztea, bake-bidean aurrera egitea eta estatus politiko berria lortzea izan ziren Urkulluk jarritako erronkak, Pello Urizar legebiltzarkidearen arabera, eta "horietako bakar batean ere ez dira aurrerapausoak eman".