Politika -

OSOKO BILKURA

LOMCE legea baliogabetzeko proposamena eztabaidagai, Kongresuan

PSOEk aurkeztuko du, eta legealdi honetan Kongresuan eztabaidatuko den lehen proposamena izango da.

Jose Igancio Wert Hezkuntza ministroa ohia izan zen LOMCE legearen bultzatzaile nagusia. EFE.
Jose Igancio Wert Hezkuntza ministroa ohia izan zen LOMCE legearen bultzatzaile nagusia. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk LOMCE legea baliogabetzeko egindako lege-proposamena izango dute eztabaidagai, gaur, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Hain zuzen, LOMCE legea hezkuntza-sisteman ezartzeko aurreikusitako egutegia bertan behera uztea eskatuko dute sozialistek, ondoren beste erreforma bat adosteko.

Besteak beste, ikasleen urte amaierako ebaluazio-azterketak baliogabetzeko eskatuko du Alderdi Sozialistak. Estatuko erkidego guztietan ikasturte honen amaieran egin beharko dute azterketa hori, ikasleen emaitza akademikoetan eraginik izango ez duen arren.

Aurreikuspenen arabera, lege-proposamena aurrera aterako da, Podemosen babesarekin eta Ciudadanosen abstentzioarekin.

Kongresuak lege-proposamena onartzen badu, Hezkuntza Batzordeak aurrena eta Senatuak ondoren aztertu beharko dute proposamena. Dena dela, Senatuan Alderdi Popularrak gehiengoa duenez, tramitazioa asko luza daiteke.  Beraz, gobernu berria osatzeko akordiorik lortzen ez bada, maiatzaren 2an Gorte Nagusiak desegin eta bideratzen ari diren legeak ezerezean gera litezke.

2013an onartu zen LOMCE legea, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak bultzatuta. Hainbat erreforma martxan daude jada Estatuko hezkuntza sarean, eta 2016-2017 ikasturterako ezarrita beharko lukete legeak jasotzen dituen aldaketa guztiak.

Gaurko bilkuran, beraz, agerian gera liteke Kongresuaren kolore aldaketa eta Alderdi Popularraren bakardadea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak Albisteak PSOE Hezkuntza legea berriak Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza