Politika -
Biktimak
'Gertu'k zaurituen eta mehatxatuen testigantzak ere jasoko ditu
Gogora Memoriaren Institutuak ETAk, GALek edo beste talde batzuek hildakoen senideen 92 esperientzia jaso ditu dagoeneko proiektu horren baitan.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak biktimen testigantzak grabatzeko programa zabalduko du, eta aurrerantzean atentatuetan zauritu zirenen edo mehatxatu zituztenen esperientziak ere jasoko ditu. Dagoeneko ETAk, GALek edo beste talde batzuek hildakoen senideen 92 testigantza jaso dituzte.
'Gertu' programaren baitan kokatzen dira testigantza horiek, eta biktimei arreta berezia eskaintzea eta horiek memoriaren eraikuntzan parte hartzea bilatzen du.
Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Enrique Ullibarriarana Jaurlaritzaren aholkulariak prentsaurrekoa eman dute Gasteizen 'Gertu' programaren nondik norakoak azaltzeko.
2014ean martxan jarritako ekimen horri esker, Jaurlaritza EAEn bizi diren ETAk, GALek edo beste talde batzuek hildako 300 lagunen senideekin jarri da harremanetan.
Horien herenak onartu zuen testigantza grabatzea, eta dagoeneko 92 hildakoren senideen lekukotzak jaso dituzte (gehienak ETAren biktimak).
Ezenarrok azpimarratu du grabatzeari uko egin diotenek ez dutela gaizki ikusten Jaurlaritza egiten ari den lana, baina ez omen dute horrelako gai baten inguruan berriro hitz egiten hasi nahi.