Politika -
Aberri Eguna
'Bai' izango da Aberri Eguneko 'gakoa'
Azken urteotan bezala, Iruñea aukeratu du Independentistak sareak Aberri eguna ospatzeko. 'Menpekotasunetik independentziara joateko eguna' izango dela nabarmen dute.
Agentziak | erredakzioa
Independentistak sareak Aberri Egunerako deia egin du, goizean, Iruñean egin duen aurkezpenean. "Bai" hitza da leloa, eta aurreko urteotan bezala, Nafarroako hiriburua aukeratu dute Aberri Eguna ospatzeko. Martxoaren 27an izango da, "menpekotasunetik independentziara joateko eguna", adierazi dutenez.
Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak esan duenez, "erabakitzeko aroan" sartu gara, eta "bai" izango da hemendik aurrerako "hitz gakoa". "Bai demokraziari, bai justizia sozialari, bai euskarari, bai etorkizunari, bai euskal estatu subiranoari, bai euskal errepublikari, bai independentziari", esan du.
Ariznabarretaren hitzetan, "urtetan pairatutako menpekotasun egoerari buelta emateko ordua iritsi da". "Iraganera lotzen gaituzten kateak askatzeko eta independentziara eramango gaituen etorkizun berri bat eraikitzeko garaia da", gaineratu du.
Festa
Aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte aurtengo Aberri Egunean ere. Siglen gainetik, euskaldun guztiek ospatu beharreko eguna dela esan du Ariznabarretak.
Hainbat ekitaldi deitu dituzte egun horretarako: 12:00etan manifestazioa egingo dute Golem zinemetatik abiatuta, eta Sarasate pasealekuan amaituko da, ekitaldi politiko batekin. Ondoren, 14:00etatik aurrera, festa giroa izango da nagusi, Iruñeko hainbat gunetan.
Hiriko hirurogei bat tabernek eta elkartek bat egin dute Aberri Eguneko ospakizunekin, eta horien lokaletan ere, egun osoan zehar ekitaldiak egongo dira.