Politika -
KOMUNIKATUA
'Errugabea' dela eta bere aurkako frogarik ez dagoela dio De Miguelek
EAJren Arabako bigarren izan zenak errugabea dela esan du, legez kanpoko komisioak jasotzen zuen sare bateko buru izatea leporatuta Fiskaltzak 54 urteko espetxe zigorra eskatu eta bi egunera.
Agentziak | EFE
Alfredo De Miguel EAJren Arabako bigarren arduraduna izan zenak esan du "errugabea" dela eta ez dagoela bere aurkako "froga" bat ere ez. Hala adierazi du Efe albiste-agentziari bidalitako oharrean, komisioak jasotzen zituen sare bateko buru izatea egotzita Fiskaltzak 54 urteko zigorra eskatu eta bi egunera.
Hain zuzen ere, 54 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Arabako Fiskaltzak Alfredo de Miguelentzat, EAJ alderdiko Arabako bigarren arduradun nagusia izandakoarentzat.
Ostiralean kaleratutako idatzian jasotzen duenez, De Miguel legez kanpoko komisioak jasotzen zuen sare bateko burua zen, eta hogei bat delitu egin izana leporatzen dio; besteak beste, funtzionario-eroskeria, elkartze ez-zilegia, kapitalak zuritzea eta eragimen-trafikoa. Guztira, 26 pertsonaren aurka epaiketa irekitzea eskatzen du; pertsona horien artean daude Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJko kide ohiak ere.
Fiskalaren idatzia Roberto Ramos epaileak Euskadin izan den ustezko ustelkeria kasu handienaren izapideak egitea bukatu eta urtebete eta egun batera ezagutu da. Epaileak ondorioztatu zuenez, "zantzuen arabera egiaztatuta geratu zen" antolatutako sare bat zegoela De Miguelen inguruan, EAJk gobernatutako hainbat administrazioren eta erakunde publikoren kontratuak eta esleipenak irregularki lortzera bideratutakoa.
De Miguelek esan duenez, berari leporatzen dizkioten "ustezko gertaerak elkar kateatutako doako burutapenen" kate bat dira, eta, "gainera", zigor eskaerak "gehiegizkoak" dira.
De Miguelen arabera, ez dago haren eta auzian auzipetutako gainerako 26 lagunen aurkako frogarik: dioenez, ez bera ez besteak ez ziren bidegabeki aberastu, eta ez dago hori erakutsiko duen frogarik. Dena den, ziurtatu du bere burua defendatuko duela auzitegietan.
De Miguelen esanetan, gutxi barru defentsaren txanda izango da epaiketan, eta agerian geratuko da "zeinek dituen burutazioak eta zeinek ez, zeinek jardun duen legearekin eta zeinek ez, zeinek erantzun beharko duen bere jardunarengatik eta zeinek ez".