Politika -
Terrorismoaren biktimak
Martxoaren 11ko sarraskiaren 12. urteurrena
Ekitaldiak eta omenaldiak izango dira nonahi, Madrilen, atentatuak izan zirenetik, aurreneko aldiz ikusiko ditugu ekitaldi berean biktima elkarte guztiak eta alderdi guztietako ordezkari politikoak.
eitb.eus
Martxoaren 11ko atentatuen 12. urteurrena da gaur: Europako Indarkeriaren Biktimen Eguna. Ekitaldiak eta omenaldiak izango dira nonahi, Madrilen, atentatuak izan zirenetik, aurreneko aldiz ikusiko ditugu ekitaldi berean biktima elkarte guztiak eta alderdi guztietako ordezkari politikoak.
2004ko martxoaren 11a osteguna zen eta 07:00ak pasatxo hasi ziren lehen leherketaren inguruko albisteak, azkenean 10 lehergailuk egin zuten eztanda tren ezberdinetan, hildakoak 191 izan ziren eta ia 1.900 zauritu.
Al-Qaidak bere gain hartutako atentatuek mundu mailako oihartzuna izan zuten; Europako Parlamentuak martxoaren 11a Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izendatu zuen.
Euskal hiriburuetan ere gaur omenaldiak egingo dira, terrorismoaren biktimak oroitzeko. Iruñean, Nafarroako Jauregian egingo dute ekitaldia, Uxue Barkos presidentea buru dela eta Donostian, Pasealeku Berrian, Iñigo Urkullu lehendakaria Oteizaren eskulturaren parean egingo den elkarretaratze isilean izango da.
Puerta del Sol
Era berean, 09:00etan egingo dute lehen omenaldia Puerta del Solen, Madrilen. Une horretan Madrileko eliza guztietako kanpaiek bi minutuz joko dute. Mariano Rajoy Gobernuaren jarduneko presidenteak omenaldian parte hartuko du. Alderdi politiko guztietako ordezkariak ere bertan izango dira, tartean Cristina Cifuentes Madrilgo presidentea eta Manuela Carmena Madrilgo alkatea.
Ekitaldi horretan ikusiko dugu eguneko irudietako bat; Pilar Manjon, Angeles Pedraza eta Angeles Dominguez, hau da, martxoaren 11ko biktimak batzen dituzten hiru erakundeetako ordezkariek elkarrekin parte hartuko dute omenaldi honetan. 12 urte hauetan ikusiko gabeko batasun irudia izango da.
Real Casa de Correosen dagoen plakara erramu-koro bat eramango dute ekitaldian, eta Madrilgo orkestrak (ORCAM) Mozarten Requiem joko du. Ondoren Espainiako ereserkia entzungo dute. Estatuko buruzagiak eta larrialdi zerbitzuetako ordezkariak bertan izango dira.
Atocha eta Retiro
Bestalde, Pedro Sanchez PSOEko idazkaria CCOO eta UGT sindikatuek, Aktoreen Batasunak eta M11ko Biktimen Elkarteak Atochako geltokian, 10:00etan, antolatutako omenaldian izango da.
Gainera, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Retiroko parkean antolatutako ekitaldian parte hartuko du 12:00etan buruzagi sozialistak. Besteak beste, Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusia eta Pablo Casado PPko komunikazio idazkariordea bertan izango dira.