Politika -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
Arraiz maiatzaren 9an epaituko dute
Auzitegi Nazionalak eman zion hasiera auziari, baina Arraiz legebiltzarkidea eta forupekoa zen; ondorioz, bere prozedura bereizi eta EAEko Auzitegi Nagusiaren esku geratu zen.
Agentziak | Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidentea maiatzaren 9an epaituko dute, EAEAko Auzitegi Nagusian, “ETAren aginduz” Batasuna ustez berriro berregituratzen saiatzeagatik. Auzia 2007an zabaldu zuten.
2007ko urrian Batasunako Mahai Nazionaleko 40 kide, tartean Arraiz, atxilotu zituzten Seguran (Gipuzkoa), legez kanpo utzitako koalizioaren zuzendaritza berriz osatzeko saiakera batean, iturri juridikoek azaldu dutenez.
Auzitegi Nazionalak eman zion hasiera auziari, baina Arraiz legebiltzarkidea eta forupekoa zen; ondorioz, bere prozedura bereizi eta EAEko Auzitegi Nagusiaren esku geratu zen, EAEko forupekoak epaitzeko eskumena baitu.
Horregatik, Arraiz maiatzean epaituko du EAEko Auzitegi Nagusiaren gai zibil eta penaletarako aretoak. Juan Luis Ibarra presidenteak Nekane Bolado eta Roberto Saiz magistratuen laguntza izango du epaiketan.
Sei urteko espetxe-zigorra eta kargu publikoan aritzeko debekua
Sei urteko kartzela-zigorra eta kargu publikoan aritzeko debekua ezartzea eskatu du fiskalak.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) eta Dignidad y Justicia plataformak herri akusazioa dira auzian, eta 10 urteko espetxe-zigorra eskatu dute.
Gainerako akusatuekin akordioa
Gainerako akusatuak Ministerio Publikoarekin eta biktimen elkarteekin akordio batera heldu ziren iragan urtarrilean. Auzipetuek bi urte eta urtebete eta erdi arteko kartzela-zigorrak onartu zituzten, eta honenbestez, ez dituzte espetxeratuko. Trukean leporatutakoa onartu zuten.
Arraizi urtarrileko akordio hori aplikatzea eskatu dezake Iñigo Iruin abokatuak auzian, iturri juridikoek azaldu dutenez.