Politika -
Lantaldea
Udal Legea: hurrengo geltokia, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkura
Eusko Legebiltzarrean, bilera egingo du gaur Udal Lege proiektua aztertzeko lantaldeak. Azkena ez bada, azken bileretakoa izango da gaurkoa.
eitb.eus
Udal Lege proiektuaren inguruko akordioa iritsi liteke gaur, Euskadi Irratiak aurreratu duenez.
Eusko Legebiltzarrean, bilera egingo du gaur Udal Lege proiektua aztertzeko lantaldeak. Azkena ez bada, azken bileretakoa izango da gaurkoa eta EH Bilduk proposamen zehatza egin dio Eusko Alderdi Jeltzaleari; batetik, udalei gizarte-larrialdietarako finantziazioa bermatu ahal izateko, eta bestetik, finantziazioa adosten den organoetan udalek hitza eta botoa izan dezaten.
Eusko Alderdi Jeltzaleko iturriek akordiorako prestutasuna agertu dute; itxura da beraz, gertu egon litekeela akordioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakundetze sarea osatzeko falta den tresna da Udal Legea; Espainian esaterako, Euskadi da halakorik ez duen erkidego bakarra.
37 urte dira Gernikako Estatutua onartu zela, eta harrezkero Udal Legea onartzeko ahaleginak egin izan dituzte Jose Antonio Ardanzaren, Juan Jose Ibarretxeren eta Patxi Lopezen gobernuek; guztiak ere huts egindakoak.
Oraingoan ordea, badirudi baietz, Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak 2014ko azaroan onartu zuen Udal Lege proiektuak Eusko Legebiltzarraren oniritzia jasoko duela.
Bi helburu nagusi
Udal legeak bi xede nagusi ditu. Bata, udalen eskumenak zeintzuk diren zehaztea; sarri entzun baititugu udalerriak kexu, euren poltsikoetatik jarri behar izan dutela dirua halako azpiegiturak ordaintzeko, edo halako diru-laguntzak eskaintzeko, horiek nori zegozkion argi ez zegoelako.
Eskumenen banaketa orain aste eta erdi adostu zuten jeltzaleek eta EH Bilduk; baita euskarak udaletan izango duen tratamenduaren, edota gardentasunaren eta parte-hartzaren ingurukoak ere.
Udal Legearen beste helburu nagusia, udalen finantziazioa zehaztea litzateke; eta hori da bi indar abertzaleek gaur iragarri dezaketena.
Eudel
Egitasmoak argituko duen beste puntua, Euskadiko Udalerrien Elkarteak (EUDEL) Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran izango duen parte-hartzea izango da; orain arte iritzia ematera mugatutakoa, baina aurrerantzean botoa emateko eskubidea izango duena udalei dagokien atalean.
Badirudi gaurko bileran azken bultzada jasota, datozen aste edo hilabeteotan eman diezaiokeela Eusko Legebiltzarrak behin betiko argi berdea Udal Legeari; uztaila aurretik beti ere, Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deitu aurretik.