Politika -

BIKTIMAK

Urkulluk 'aitortza' eskaini die polizia indarkerien biktimei

Gaitzetsi egin du boterearen gehiegikeriaren eraginez sufrimendu 'bidegabea' eta 'sekula gertatu behar ez zena' pairatu zuten biktimen egoera.

Iñigo Urkullu
Iñigo Urkullu
Poliziaren gehiegikerien biktimei aitorpen ofiziala egin diete

1:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaitzetsi egin du boterearen gehiegikeriaren edota poliziaren legez kontrako biolentziaren eraginez biktimek pairatu behar izan duten sufrimendu 'bidegabea' eta 'sekula gertatu behar ez zena'. Gauzak horrela, sinetsita agertu da biktimei egin ahal zaien "aitortzarik handiena bizikidetza eraikitzerako garaian behar ditugula" esatea dela.

Urkulluk larunbat honetan egin ditu baieztapen horiek Donostiako Kursaalen, bertan 2012/107 Dekretuaren babesean dauden biktimei aitorpen instituzionala egin baitiete. Dekretu horrek ahalbidetu du 1960 eta 1978 urteen artean boterearen gehiegikeria edota polizia indarkeria jaso zituzten 187 laguni giza eskubideen urraketen biktima izan zirela aitortzea.

Horrez gain, lehendakariak nabarmendu egin du kategoria horretako biktimei aintzatespena aitortzen dien lehendabiziko ekitaldiaren osagai "autokritikoa"; "erakundeek eta gizarteak onartu egin behar dugu iluntasun denbora gehiegi igaro dela, batez ere 60, 70, eta 80 urteetako biktimentzat", adierazi du.

"Orain heldu den argi hau positiboa eta etorkizunera begira egindako eraikuntza egiteko deialdia da. Gure konpromisoa biktima guztiei aintzatespena ematea da, berdintasun printzipioa erabilita eta diskriminaziorik gabe", azaldu du.

Hori dela eta, hurrengo urratsa 1978tik 1999ra bitartean legez kontrako errepresioak eragindako giza-eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitorpena eta ordaina emango dien legea onartzea izango da. Aldi berean, gogoratu du joan zen irailaren 22an Eusko Jaurlaritzak batera konpromisoa onartu zuela, eta bertan jasotzen direla biktimen gaineko politika publikoetan "urrats berriak emateko" oinarriak, biktimen eta gizartearen artean batasuna sustatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostia bideoak Albisteak Urkullu Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gaurko azken ordukoa Polizia abusuen biktimak Albisteak Gaur