Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA - INKESTA

EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak; Podemos, bigarren

Soziometroaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJk 24 eserleku lortuko lituzke; Podemosek, 18, eta EH Bilduk, 15.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak boto-asmoa ezagutzeko egin berri duen azken soziometroaren arabera, eta, iragarpenak betez gero, Eusko Legebiltzarraren koloreak nabarmen aldatuko lirateke datorren legealdian. EAJk jarraituko luke alderdi bozkatuena izaten: 24 eserleku eskuratuko lituzke, egun dituenak baino hiru gutxiago.

Podemos alderdia indarrez sartuko litzateke, inkestaren arabera, Gasteizko ganberan, eta bigarren postuan jarriko litzateke. 18 ordezkari eskuratuko lituzke Pablo Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak.

EH Bilduk, berriz, atzera egingo luke, bigarren tokitik hirugarrenera: ezker abertzaleko koalizioak 15 eserleku eskuratuko lituzke, orain baino sei gutxiago.

PSE-EEk, bestalde, nabarmen egingo luke behera hurrengo hauteskunde autonomikoetan, galdeketak jaso duenez: 16 legebiltzarkide izatetik 9 izatera pasatuko litzateke. Alderdi Popularrak bi eserleku galduko lituzke, eta zortzirekin geratu.

Azkenik, Ciudadanos alderdia lehen aldiz sartuko litzateke Eusko Legebiltzarrean, ordezkari batekin. UPyDk galdu egingo luke bertan duen eserleku bakarra.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur zabaldu du datozen hauteskunde autonomikoetarako boto-asmoari buruzko galdeketa: 2.310 elkarrizketa egin zituzten, urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra bitartean, eta horietatik ateratako emaitzak dira honakoak.

Emaitzak, lurraldeka

Inkestak lurraldekako datuak ere utzi ditu. EAJk irabaziko luke EAEko hiru lurraldeetan, eta Podemos bigarren indar bozkatuena izango litzateke Bizkaian eta Araban.

Bizkaian, jeltzaleek 10 eserleku lortuko lituzkete, 2012ko bozetan lortutakoak baino bat gutxiago. Podemos izango litzateke bigarren indar politikoa, 6 eserlekurekin, eta EH Bildu hirugarrena, lau eserlekurekin, orain lau urte baino bi gutxiago. Sozialistek ere, bi ordezkari galduko lituzkete, eta hirurekin geratuko litzateke, eta PPk bi eserleku lortuko lituzke Bizkaian, bat galduta.

Gipuzkoan, EAJk lehen postua eskuratuko luke, zortzi eserlekurekin, duela lau urte baino bat gutxiago. EH Bildu bigarren indarra izango litzateke, zazpi eserleku lortuta, 2012an baino bi gutxiago, eta Podemos hirugarrena, sei ordezkari eskuratuta. PSE-EEk hiru eserleku lortuko lituzke, bi gutxiago. PP, berriz, bi ordezkari izatetik bat izatera pasatuko litzateke lurralde honetan.

Azkenik, Arabako eserlekuen banaketa honela geratuko litzateke: EAJk sei eserleku lortuko lituzke, egun baino bat gutxiago, eta Podemosek ere kopuru bera lortuko luke (sei eserleku). Alderdi Popularra hirugarren indarra izatera pasatuko litzateke, bost legebiltzarkiderekin, eta EH Bildu laugarren lekuan geratuko litzateke, lau ordezkari lortuta, orain lau urte baino bi gutxiago. PSE-EEk izango luke beherakada nabarmenena; hiru eserleku lortuko lituzke lurralde honetan, 2012an lortutakoaren erdia. Ciudadanosek Araban eskuratuko luke EAEn izango lukeen eserleku bakarra.

Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, gainera, parte hartzeak gora egingo luke, ia % 70eko parte hartzera iritsiz, duela lau urte baino sei puntu gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Podemos berriak