Politika -

PP

Esperanza Aguirrek Madrilgo PPren presidentetza utzi du

"Madrilgo PPren inguruan kaleratutako informazio larrien ondorioz" eman du dimisioa buruzagi popularrak eta informazio hori baieztatu eta bere neurria eman beharko zaiola gaineratu du.

Erantzukizun politikoagatik dimititu duela azaldu du Aguirrek

1:12

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperanza Aguirre PPren Madrilgo presidenteak dimisioa eman du azken egunetan alderdi popularren inguruan agertutako ustezko ustelkeria kasuen ondorioz.

Genovako egoitzan, duela minutu gutxi, 14:22an, eskaini duen ezusteko prentsaurrekoan eman du berria Aguirrek.

"Madrilgo PPren inguruan kaleratutako informazio larrien ondorioz" eman du dimisioa buruzagi popularrak eta informazio hori baieztatu eta bere neurria eman beharko zaiola gaineratu du.

Mariano Rajoyri bere erabakiaren berri eman diola eta honek erabakia ulertzen duela esan diola adierazi du. “Jendeak keinuak” eskatzen dituela eta bere eginbeharra “hori onartzea” dela esan du Aguirrek, erantzukizun politikoa duelako. Dena dela, jarraian zehaztu du ez duela “inolako erantzukizun materialik, eta ezin dutela “ezertan auzipetu”.

PPren Madrilgo presidenteak adierazi duenez, Madrilgo PPren inguruan azken egunetan agertutako informazioaren harira hartu du dimisioa emateko erabakia, eta informazio horiek “baieztatu eta neurtu” beharko direla gaineratu du. Horren ildoan, argitaratuko informazioak “erabat egiatzat” hartu ezin daitezkeela nabarmendu du.

Aguirreren berbetan, “ustelkeria min handia egiten ari alderdi politikoetan”, eta, horri lotuta gehitu du “besteek ere” badutela.

Francisco Granados PPren idazkari nagusi berak izendatu zuelako izan zela gogoratu du, eta epaile batek espetxeratzeko agindua eman izanak zer pentsa jarri duela esan du: “zerbait larria egingo zuela esan nahi du horrek”.

Aguirrek gaineratu duenez, erabaki horretan izan zuen arduragatik hartu du erabakia, “erantzukizun politikoa” duelako. Horri lotuta esan du, bere ardura horrelakoak ez gertatzeko arreta izatea dela eta arreta handiagoaz jokatu behar izan zuela erantsi du.

Halere, berak dakienez, Madrilgo PPn finantziazio irregularrik edo legez kanpokorik izan ez zela berretsi du. Horri lotuta esan du alderdiak diruzain bat, gerente bat, idazkari nagusi bat eta kontable bat dituela, eta horiek direla diru kontuak kudeatzeko ardura dutenak.

Joan den ostiralean, Punica operazioan egindako ordainketak Madrilgo PP legez kanpo finantzatzeko balio ote zuten ikertzeko agindua eman zuen ANko Eloy Velasco epaileak. Auzitegiak aginduta, Poliziak PPren Madrilgo bulegoetan egin zituen miaketen harira egindako agerraldian, alderdiaren zuzendaritzaren babesa zuela iragarri zuen Esperanza Aguirrek. Bi egun geroago eman du dimisioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa