Politika -
EAJ-ri eskaera
Pentsio sistema propioa izateko eskuz esku lan egin nahi du EH Bilduk
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak euskal pentsioaren propioa eta Gizarte Segurantzaren eskumena lortzeko elkarrekin lan egiteko eskatu dio EAJri.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal pentsio sistema propioa izateko EAJk asteon egindako proposamena begi onez hartu du EH Bilduk, eta helburu hori lortzeko "eskuz esku" lan egitea proposatu die gaur Oskar Matute legebiltzarkideak jeltzaleei.
Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, EH Bilduk EAJk egindako proposamena “arretaz” aztertuko duela esan du, eta euskal pentsio propio sistema euskal pentsiodunen aldarrikapena dela gogoratu du.
Madrilen ere, pentsioen defentsan eta Gizarte Segurantzaren eskumena lortzeko elkarrekin lan egiteko proposamena egin die Matutek jeltzaleei.
Halere, gogoratu duenez, gaurdanik euskal erakundeek euskal pentsiodunen egoera hobetzeko lan egin dezakete, "Euskadik pentsiorik baxuenak osatzeko aukera duelako".
Hain zuzen ere, 1.080 euro bitarteko pentsioak osatzeko proposamena aurkeztuko dutela iragarri du Matutek.
“Eskutik baldin bagoaz, euskal herritarren interesak defenditzen ditugun alderdi politikook aldarrikapen historiko hau helmugara eraman dezakegu”, esan du.
Diru-sarrera publikoak handitzen dituen fiskalitatearen erreforma egiten ez bada, ostera, "ezingo dugu pentsio sistema propio egonkor eta errentagarria" izan, Matuteren esanetan.
Legebiltzarkidearen ustez, EAJk eta PSEk diseinatutako sistema fiskala "agortuta" dago eta "porrot" egin du, "enpresa handiak lehenesten ditu eta alde batera uzten ditu pertsonak".
2015eko zerga bilketa aurrekontuetan jasotakoaren azpitik dagoela adierazi du EH Bilduko kideak, "Bizkaian izandako diru-sarreren jaitsieraren ondorioz".