Politika -

KUTXABANK

Helegite batek ez lukeela aurrera egingo uste du herri akusazioak

Cabieces auziko herri akusazioa pozik agertu da Mario Fernandezen eta Mikel Cabiecesen aurkako ahozko epaiketa zabaltzea agindu duelako epaileak.

Mario Fernandez, epaitegira bidean. Artxiboko irudia. EFE.
Mario Fernandez, epaitegira bidean. Artxiboko irudia. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko instrukzio arloko 4. Epaitegiko epaileak Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia eta Rafael Alcorta abokatua epaitzea agindu zuen astelehenean, hainbat delitu egotzita; besteak beste, administrazio desleiala eta diruaz bidegabe jabetzea leporatzen diete. Hain zuzen, ahozko epaiketa egitea agindu du epaileak.

Gaur, Cabieces auziko herri akusazioa "pozik agertu da" epailearen aginduarekin. Jone Goirizelaia herri akusazioaren abokatuaren ustez, defentsak helegite bat aurkeztuko balu ere, helegite horrek aurrera egiteko aukerarik ez luke izango, epailearen ebazpenean jasotako "zantzuak" epaiketa abiarazteko arrazoi "sendoak" direlako. Horregatik, zuzenean auziaren une prozesala abiaraztea eskatu du.

ELA, LAB, ESK, EHNE, Steilas eta  Hiru sindikatuak, Euskal Herriko Pentsiodunen Elkarteak eta Euskal Kontsumitzaileen Elkarteak osatzen dute herri akusazioa. Goirizelaiak esan duenez, akusazio idatzia aurkeztuko dute Fernandezen, Cabiecesen eta Alkortaren aurka.

Akusazioen arabera, Kutxabankek 243.592 euroko ordainketak egin zizkion Cabiecesi, Alkortaren bulegoaren bitartez, Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak trukean zerbitzurik edo lanik egin ez zuen arren.

Cabieces auzia "ate birakarien negozioaren adibide argia" dela esan du herri akusazioak. Ahozko epaiketa ireki izanak arrazoia ematen diela adierazi dute sindikatu eta plataforma horiek, eta Fernandezen, Cabiecesen eta Alkortaren jokaerak "euskal kutxak pribatizatzeko estrategiaren parte" izan zirela eta "bultzada politikoa ezinbestekoa" izan zela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Kutxabank berriak Epaiketak Albisteak Gaur Albisteak