Politika -
FRANTZIA
Frantziako Gobernua utziko duela baieztatu du Laurent Fabiusek
François Hollande Frantziako presidenteak, beraz, Gobernuaren antolaketa berria egin beharko du. Christiane Taubira Justizia ministroak ere, urtarrilean, utzi zuen kargua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak Gobernu frantziarra utziko duela baieztatu du gaur. Gaur egindako Ministroen Kontseiluaren ondoren jakinarazi du beretzat azkenengo bilera izan dela gaurkoa. Kontseilu Konstituzionala zuzenduko du, seguruenik, hemendik aurrera.
Eliseo jauregitik atera denean baieztatu du berria, kazetarien aurrean. Frantziako komunikabideek duela aste batzuk zabaldu zuten Fabiusek ministro kargua utziko duela, baina gaur arte inork ez du modu ofizialean adierazi.
François Hollande Frantziako presidenteak, beraz, Gobernuaren antolaketa berria egin beharko du. Urtarrilaren 27an Christiane Taubira Justizia ministroak ere utzi zuen kargua, terrorismoaren kontrako borrokan Hollandek eta berak iritzi kontrajarriak baitzituzten.
'Diplomazia ekonomikoa'
2012ko maiatzean ministro kargua hartu zuenetik, 'diplomazia ekonomikoa' bideratzea izan da bere departamenduaren egiteko nagusia. Dena dela, Klimaren Goi Bileran (COP21), iazko abenduan, adostutako akordioa lortzeko garaian egindako lana izan da Fabiusen lorpenen artean ezagunenetakoa.
Oraindik, ez dute jakitera eman nork hartuko duen Fabiusen lekukoa. Frantziako hedabideek plazaratu dutenez, baina, kinielen lehen lerroan Segolene Royal Energia eta Ekologia ministroaren eta Jean-Marc Ayrault lehen ministro ohiaren izenak ageri dira.