Politika -
Epaia
Gipuzkoa, Udalbiltzari emandako laguntza bat berreskuratzera zigortuta
Carlos Urquijok salaketa jarri zuen Gipuzkoako Diputazioak 2014an emandako 100.000 euroko diru-laguntza baten aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari 2014an emandako 100.000 euroko diru-laguntza berreskuratzera zigortu du Donostiako epaitegi batek Gipuzkoako Foru Aldundia.
Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak emandako epaian, Epaitegiak aintzat hartu du Aldundiak Udalbiltzari emandako diru-laguntzaren kontra Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jarri zuen helegitea.
Foru Gobernuaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 29an eman zion laguntza Udalbiltzari lau proiektu finantzatzeko. Proiektu horietako baten helburua "behar gehiena duten Euskal Herriko guneen lurralde garapena" bultzatzea zen, eta Nafarroako Pirinioetako eta Ipar Euskal Herriko 103 udalerri jasotzen ziren bertan.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak helegitea aurkeztu zuen Aldundiak diru-laguntza hori emateko "lurralde konpetentzia"rik ez zuela argudiatuta. Haren iritzian, diru-laguntzak ez zeukan loturarik Foru Gobernuarekin, diru-laguntza horren onuradunak Gipuzkoatik at baitzeuden.
Halaber, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak argudiatu zuenez, diru-laguntzak ez zion laguntzen plan estrategiko bati erantzuten, "lortu nahi diren helburuak jasotzen baitira horietan".
Epaitegiak aintzat hartu ditu Espainia Gobernuaren Ordezkaritzak emandako bi argudioak, eta, beraz, Udalbiltzari 2014an emandako 100.000 euroko diru-laguntza berreskuratzera behartu du Aldundia. Gainera, auzitara eraman dituzten aldeek ordaindu beharko dituzte auziaren kostuak.