Politika -

Memoria historikoa

Memoriaren Plazak 'zentzugabekeriaren biktimak' gogoratuko ditu Bilbon

Otsailaren 1etik 12ra, Gogora institutuak bultzatutako erakusketa ibiltaria izango da Areatzan. Lekukotzak jaso eta eztabaidaguneak sortzea da helburua.

Ezenarro eta Aburto, erakusketa ibiltariaren aurkezpenean. EFE
Ezenarro eta Aburto, erakusketa ibiltariaren aurkezpenean. EFE
Ezenarro eta Aburto, erakusketa ibiltariaren aurkezpenean. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoaren, gerra zibilaren eta terrorismoaren biktimen lekukotzak entzungai izango dira Bilbon, otsailaren 1etik aurrera, Memoriaren Plaza ekimenaren baitan antolatutako erakusketa ibiltarian. Testigantzak jasotzeaz gain, norberarenak partekatzeko modua emango du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bultzatutako ekimen honek.

Erakusketa Gogora institutuaren egoitzan aurkeztu dute Aintzane Ezenarro institutuaren zuzendariak eta Juan Maria Aburto Bilboko alkateak. Aburtok nabarmendu duenez, "Bilbok zentzugabekeriaren hainbat biktima errugaberen memoria ezagutu eta aintzat hartu nahi du". Hori horrela, herritarrei erakusketara hurbiltzeko deia egin die, izan ere, "gogoan izan behar ditugu, ez dadin berriz gerta, baina gorrotoari eutsi gabe", azaldu du.

Hala, Memoriaren Plazaren bigarren fase honi Bilbok ekin behar diola eta, eskertuta agertu da Aburto. Bilboko alkatearen iritziz, "guztiok batera egin behar dugu lan, gure historia ilunenaren orrialde horiek iraganean uzteko".

Gogora institutuak 2015eko ekainetik bildu ditu hainbat biktimaren testigantzak. Orain, lekukotza horiek kalera eraman nahi ditu, "gure artean dauden memoria anitzak" handitu eta bistaratzeko asmoz. Ezenarroren ahotan, "memoria ezberdinak jaso, memoria ezberdinen arteko elkarrizketa sustatu eta gogoeta kritikoa bultzatu" nahi dituzte.

Mahai-inguruak eta dokumentalak

Erakusketa Bilboko Areatzan paratuko duten karpa batean izango da ikusgai, otsailaren 1etik 12ra (09:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara). Ekainetik bildutako testigantzez gain, lekukotzak grabatzeko gune bat ere izango da.

Gainera, frankismoaren, terrorismoaren eta indarkeria polizial bidegabea jasan duten biktimekin osatutako mahai-ingurua izango da otsailaren 2an. "Aldana 1980. Isiltasun eztanda" eta "Autokritikaren balioa" dokumentalak ere eskainiko dituzte.

Ezenarrok nabarmendu duenez, Bilboko Batxilergoko eta DBHko ikasleak inplikatu nahi ditu ekimenean Gogora institutuak. Hala, 600 ikaslek bisitatuko dute erakusketa.

Gogora institutuko zuzendariaren esanetan, memoria zabaldu eta "denon artean eraikitako gogoeta" partekatzeko xedea du Memoriaren Plazak. Horretarako, "gure herrian elkarbizitzan dauden memorien arteko elkarrizketa" bilatu behar da "iraganaren ikuspegi kritikoa" sortzeko eta belaunaldi berriei ulertarazteko "memoria kritikoa ezinbestekoa dela berriro akats berdinak errepikatuko ez direla bermatzeko".

Erakusketa Bilbon abiatuko bada ere, asmoa ahalik eta herri gehienetara zabaltzea nahiko luke Memoriaren institutuak. Izan ere, Ezenarroren aburuz, "herritarrengana hurbiltzen bagara, erantzun zabalagoa izango dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Politika Azken ordukoa Bizkaia EAE Albisteak Gaur Polizia abusuen biktimak Bilboko azken albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Eguneko albisteak Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Gogora