Politika -
Auzitegi Nazionala
Twitterren Villa eta Blanco trufatzeagatik akusatuak bromak zirela dio
Auzitegi Nazionalak ustez terrorismoa goratzeagatik eta biktimak iraintzeagatik epaitzen du.
Agentziak | Erredakzioa
Twitterren 'Madame Guillotine' ezizena erabiltzen duen Maria Lluch gazteak (24 urte) onartu egin du ostiral honetan, Auzitegi Nazionalean bere aurka egiten ari diren epaiketan, Irene Villari, Miguel Angel Blancori eta Luis Carrero Blancori buruzko txiste iraingarriak argitaratu zituela sare sozialetan; alabaina, ez zuela inoiz pentsatu delitua izan zitekeenik, gaineratu du. "Sareetan milioika daude, txantxa bat besterik ez zen, umore beltza", adierazi du ahozko ikustaldian.
Auzitegi Nazionalak ustez terrorismoa goratzeagatik eta biktimak iraintzeagatik epaitzen du. Fiskaltzak bi urteko kartzela-zigorra eskatzen du bere aurka eta zortzi urteko erabateko desgaikuntza, 1997an erail zuten alderdi popularreko zinegotziaren "oroimena laidoztatzeagatik", Irene Villa "iraintzegatik" eta ETAko kideen jarduerak "goraipatzeagatik".
Lluchek defendatu duenez, ez zuen inor mintzeko asmorik. Biktimen senitartekoren batek bere haserrea jakinarazi izatekotan, "mezuak berehala ezabatu" izango zituzkeela gaineratu du. "Politikoki zuzen ez egotea gerta daiteke, baina sekula ez zitzaidan burutik pasatu horregatik atxilotu ahalko ninduketenik", zehaztu du.
Gaineratu duenez, txioak argitaratzeko garaian ez zituen buruan ETAren atentatuen ondorioz eraildakoen edota zauritutakoen familiartekoak, ezta Villaren eta Blancoren figurak ere. "Ez dut barre egiten gertatu zitzaienaz, baizik eta umore beltzaren zorroztasunaz".
"Carrerok hegaz egin zuen"
Lluchi Carrero Blancoren aurkako atentatuari buruz barre egitea ere egozten diote (Madrilen, 1973ko abenduaren 20an jazoa), era honetako iruzkinen bidez: "Hegaz, hegaz, Carrerok hegaz egin zuen eta hodeitaraino iritsi zen. Ai, Carrero, lehendabiziko astronauta espainiarra".