Politika -
GIPUZKOAKO ALDUNDIAK
Bidegi kasuko kereilan manipulatutako datuak daudela esan du Aldundiak
Aurreko legealdian Bilduren Foru Gobernuak jarritako kereilan jasotako dokumentazioan 'neurketa okerrak' zeuden, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren arabera.
EITB.EUS
Arlabaneko tunelaren eraikuntzan ustez izandako irregulartasunak salatzeko, aurreko Foru Aldundiak (Bildu) kereila bat jarri zuen, eta Azpeitiko Epaitegiak onartu egin zuen. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak (EAJ-PSE) txosten tekniko berri bat aurkeztu du, kereila horretan jasotako hainbat datu gezurtatuz. "Bilduren kereilaren arlo teknikoa ezin da ontzat eman, errealitatetik oso urrun dago eta datuak ez datoz bat errealitatean exekutatu denarekin”, esan du Aintzane Oiarbide, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak, Donostian egin duen agerraldian.
Kereilarekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoaren azterketa egin berri dute Foru Aldundiko ingeniariek, eta lan horren ondorioak aurkeztu ditu gaur Oiarbidek. Horren esanetan, "seriotasun falta" somatu dute diputazioko teknikariek, kereilan "nahastu" egiten direlako behin behineko ordainketa bat eta "obraren azken likidazioa". Ondorioz, bi likidazio agertzen dira, diputatuaren arabera, "10 milioiko aldearekin". "Zulo hori salatzen dute, baina ezer frogatu gabe", esan du. "Ustekabekoak ez diren akatsak kalkuluetan" eta "nahita egindako neurketa okerrak" atzeman dituztela adituek esan du diputatuak. Bilduren Foru Gobernuak Ingetyc enpresak egindako txostenean oinarrituta jo zuen auzitara, eta kereila aurkeztu zuen tuneleko lanetan 17 milioi euro gehiago ordaindu zirela salatuta; zortzi milioi, erabili ez ziren hormigoi eta altzairuzko zuntzetan, eta bederatzi, egin gabeko lanetan.
Kereilaren edukia aztertuta, datuak "manipulatu" egin direla dio orain Bide Azpiegituretarako diputatuak. Mahai gainean jarri dituen datuen artean, ondorengoa: kereilak 28.000 metro kubiko hormigoi erabili zirela dio, baina Oiarbideren hitzetan, 35.000 metro kubiko ziren. Bestalde, diputatuak ziurtatu du kereilan 20 luizi baino ez direla aipatzen, benetan 144 baino gehiago izan zirenean."Berraztertze txostenean azalarazi dituzten bi akats dira horiek. Izan ere, kereilan oinarritu duten dokumentu teknikoan askoz gehiago daude. Ez dira jasotzen tunelaren eraikuntzan egon ziren gertaeretako asko, eta azken likidazioa egiterakoan garrantzia zuten gertaerak dira", gaineratu du.Gaur aurkeztu duen txostena Bidegi kasua daraman epailearen esku utzi zuen asteartean Foru Alndudiak.