Politika -

RADIO EUSKADI

Beitialarrangoitia: 'Erabaki politikoa dago atzean'

EH Bilduk, IUk eta ERCk elkarrekin talde parlamentarioa osatzeko eskaria Kongresuko Mahaiak atzera bota izana 'iruzurra' da, ezker abertzaleko diputatuaren iritzian.

Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Radio Euskadin.
Beitialarrangotia: 'Erabaki politiko bat izan da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Erabaki politikoa" ikusten du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak Kongresuko Mahaiak atzo hartutako erabakiaren atzean; EH Bilduk, Izquierda Unida- Unidad Popularrek eta ERCk elkarrekin talde parlamentarioa osatzeko eskaria atzera bota zuen Kongresuko Mahaiak, Ciudadanosen eta PPren botoekin.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Beitialarrangoitiak ziurtatu du euren eskariak "Kongresuaren araudiaren eskakizun guztiak" betetzen zituela, eta, ondorioz, mahaiaren erabakia "iruzurra" dela esan du.

Erabakia errekurrituko duten galdetuta, gaia "aztertzen" ari direla, eta, oraindik, erabakirik ez dutela hartu erantzun du. Dena dela, helegitea jarrita ere, aurrera egiteko zailtasunak izango dituela garbi du diputatuak, "kontuan izanda, erabakia, berriro, PPren eta Ciudadanosen esku dagoela". "Tarte txikia dugu", esan du.

'Mahai antidemokratikoa'

Kongresuko Mahaiaren egungo osaketa "antidemokratikoa" dela nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak. Atzoko erabakiaren helburua, horren iritzian,  ezker abertzaleko koalizioaren "ahotsa isilaraztea" da, baina ez dutela lortuko adierazi du. "Ez dute lortuko gure ahotsa isilaraztea", zehaztu du.

PPk eta Ciudadanosek gehiengoa izatea salagarria dela esan du, "gehiengo hori ez zietelako herritarren botoek eman". BeitialarrangoiTiaren hitzetan,  bi alderdi horiek Mahaian gehiengoa izatearen "arduradun nagusia PSOE da". "PPri Kongresuko presidentetza kentzeari lehentasuna eman zioten, gainerako guztiaren aurretik", esan du.

Legealdi honetan "denetik gutxiago" izango dutela aitortu du. Besteak beste, diru gutxiago jasoko du EH Bilduk, eta horren inguruan, hitzez hitz, esan du diruaren kudeaketa gai garrantzitsua dela koalizioarentzat, baina ez "osagai nuklearra". "Kontuan hartu beharreko osagai bat da, ez zaio garrantzia kendu behar, baina ez da osagai bakarra, ez eta EH Bilduk Madrildik egingo duen politika baldintzatuko duena", esan du.

Orain, Mahaiaren erabakiaren ondotik, ERCk bere talde propioa osatzeko eskaria "normala eta ulergarria" dela iritzi dio, "nahiko luketen formula hori ez izan arren". Beitialarrangoitiaren arabera, "ez litzateke ulergarria izango ERCk talderik ez izatea, bederatzi ordezkari izanda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Araba Albisteak Gaur Albisteak