Politika -

Katalunia

Carles Puigdemont, Kataluniako Gobernuko presidente berria

Kataluniako hauteskundeak egin zirenetik ia bi hil pasatu ostean eta negoziazio-prozesu gogor bat igaro eta gero, azkenik Junts pel Sí-ko hautagaiak presidente izateko behar adina babes lortu ditu.

Carles Puigdemont
Carles Puigdemont
Carles Puigdemont Generalitateko presidente inbestitu dute

2:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gironako alkate Carles Puigdemont Generalitateko 130. presidente inbestitu dute, JxSí alderdiko 62 botorekin eta CUPeko beste 8rekin (CUPeko beste bi kideak abstenitu egin dira: Gabriela Serra eta Josep Manel Busqueta). Aldiz, 63 boz izan ditu kontra: C's, PSC, PP eta SíQueEsPot.

Puigdemont presidente gisa ziurtatzen duen botoen zenbaketa 21:46an bukatu da, eta inbestidura egiteko denbora epea bukatzetik gertu egin da bozketa: legearen arabera, gaueko hamabiak aurretik inbestitu behar zuten.

"Visca Catalunya lliure" izan dira diputatuei zuzendu dizkien azken hitzak inbestidura saioan.

Bozketaren ostean eta ganberako presidenteak diputatuengana berriz zuzendu nahi oste zuen galdetu dionean aldarrikatu du aipatutako esaldia. Horrez gain, beste hau ere adierazi du: "Zuon aurreikuspenak eta esperantzak betetzen saiatuko naiz".

Gainerako hitzak bere inbestiduraren alde bozkatu dutenei eskerrak ematera zuzendu dira, baina baita kontra bozkatu dutenei, beren ideiak defendatzen egin duten "ahaleginarengatik"; talde guztien bozeramaileei beren mintzaldiengatik; bere aurretik karguan egon zen Artur Masi; AMItik (bertako presidentea da) eta Gironatik (bertako alkatea da) babestu dutenei; emazteari eta bere gainerako familiari ere.

Orain, Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek erabaki horren berri eman behar dio erregeari, Generalitateko presidente izenda dezan. Puigdemontek Gironako alkate izateari utziko dio astelehen honetan, eta bost egun baino lehen hartu beharko du bere kargu berria.

15, 18 edo 20 hileko legegintzaldia

Inbestidura saioko hasierako mintzaldian zehar, Carles Puigdemontek joan zen azaroaren 9an Junts pel Sík eta CUPek onartu zuten adierazpen independentistarekiko atxikipena adierazi du. Ondorioz, behin presidente izanda, JxSíren konpromisoa betetzeko asmoa duela baieztatu du, hau da, 18 hilabete inguru iraungo duen legegintzaldia egingo duela, Kataluniaren independentziarako prozesua bukatzeko asmoz.

"15 hilabete irain badezake, primeran, eta inolako arazorik ez 20 hilabete irauten badu. Errepikatuko ez de un batean gaude", azaldu du inbestidurako eztabaida-saioko erantzunen txandan.

Gauzak horrela, bost ardatz nagusi azpimarratu ditu Puigdemontek legegintzaldi honetarako: prozesua bukatzea parte-hartzeari eta herritarrei dagokienez; beharrezkoak diren Estatu-egiturak diseinatzea eta "prest jartzea"; iragankortasun juridikoaren eta prozesu eratzailearen legeak tramitatzea, eta prozesu independentista nazioartean plazaratzea.

Zentzu horretan, zin egin du Kataluniako Gobernua zuzentzen duen bitartean gogor egingo duela lan, bai berak, bai berarekin bat lan egingo dutenek.

Mas: "Pozik eta hau ondo joango delakoan nago"

Masek Puigdemont presidente inbestitu duten saioa bukatu ostean alde egin du hemiziklotik, eta haren zain zein presidente berriaren zain kazetari ugari zeuden itxaroten.

Dagoeneko Generalitateko presidente ohia den Artur Masek "pozik" dagoela adierazi du kazetarien aurrean, eta "konfiantzaz beterik" azaldu da martxan jarri berri den legealdia "ondo joango" dela, "gobernu on" batekin eta "presidente handi" batekin.

Forcadellek Masen eskuzabaltasuna eta Puigdemonten konpromisoa goraipatu ditu

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak eskertu egin du Artur Mas Generalitateko presidente ohiaren eskuzabaltasuna eta CUPek egindako ahalegina inbestidura egin zedin ituna adosteagatik.

"Eskerrik asko presidente ohiaren eskuzabaltasunagatik, presidentearen konpromisoagatik, CUPek egindako ahaleginarengatik eta inbestidura ahalbidetu duten guztiei", nabarmendu du ganberako presidenteak inbestidura saioaren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès albisteak Kataluniako Gobernua