Politika -
Kataluniako Legebiltzarra
Puigdemontek bere egingo du Masen programa
Inbestidura saioko hasierako mintzaldian bere konpromisoa adierazi du joan zen azaroaren 9an Junts pel Sík eta CUPek onartu zuten adierazpen independentistarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Generalitatea zuzentzeko hautagai Carles Puigdemontek inbestidura saioko hasierako mintzaldian bere konpromisoa adierazi du joan zen azaroaren 9an Junts pel Sík eta CUPek onartu zuten adierazpen independentistarekin.
"A9ko adierazpenari jarraiki urratsak ematen hasi behar dugu, estatu independente baten eraketa prozesuari ekiteko, Govern berri baten bitartez, JxSík eta CUPek adostutako akordioan oinarrituta dagoena", nabarmendu du Gironako egungo alkateak.
Puigdemontek bost ardatz nagusi azpimarratu ditu legegintzaldi honetarako: prozesua bukatzea parte-hartzeari eta herritarrei dagokienez; beharrezkoak diren Estatu-egiturak diseinatzea eta "prest jartzea"; iragankortasun juridikoaren eta prozesu eratzailearen legeak tramitatzea, eta prozesu independentista nazioartean plazaratzea.
Konpromiso horiek "aldatu gabe jarraitzen dute", eta Govern berriko ekintza guztien oinarrian egongo dira. Gobernuak batere erraza eta erosoa ez den zeregina duela esan du, baina ausardiaz gauzatuko duela.
Inbestidura saioa Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentuko erabakiak "subiranoak dira"; horrenbestez, adierazpen independentista hedatzeko konpromisoa azaldu du, baita prozesu-eratzailea hasteko eta Estatuari, Europar Batasunari eta nazioarteko komunitateari etengabeko elkarrizketa eskaintzeko.
"Herritarrek esaten digutena garbi dago: independentzia erdiesteko Kataluniak beharrezkoak dituen tresnak eskuratzeko prozesua hasi behar dugu", horiek izan ezean, beren herritarrei merezi duten arreta emateko aukera guztiak galduko baititugu.
Diputatu guztiei esan die Kataluniako Gobernuaren jarduna bide-orri independentistan oinarrituko dela, "bestela Kataluniak nazio bat izateari utziko baitio, etsipen hutsa bihurtzeko", eta ez du horrelakorik onartuko presidente gisa.
Karguaren behin-behinekotasuna onartu du, azkenean igande honetan presidente gisa inbestitzen badute, baina zin egin du Kataluniako Gobernua zuzentzen duen bitartean gogor egingo duela lan. "Nire kargua behin-behinekoa da inoiz baino gehiago, errepikatuko ez den unean baikaude, eta horrek lidergo errepikaezinak eskatzen ditu", nabarmendu du.
Generalitatea zuzentzeko hautagaiak, Carles Puigdemontek, jarduneko presidente Artur Masi eskerrak eman dizkio albo batera geratzeagatik CUPekin inbestidurarako akordioa lortu ahal izateko, eta onartu du gogorra izan dela: "Albo batera egitea erabaki duzu, herrialdea zuzentzek eskubide guztia zenuenean". "Prozesuaren amaierak zure beharra eta zure prestigioaren beharra dauka", esan dio Masi.
Carles Puigdemonten eta Artur Masen arteko agurra inbestidura saioa hasi baino lehen. Argazkia: EFE
Mintzaldiaren hasieran Puigdemontek barkamena eskatu die herritarrei hauteskundeen ostean egindako negoziaketen nondik norakoak direla eta. Oso hezigarria ez den ikuskizuntzat jo ditu: "Jende larregi sufriarazi dugu", botoa eman eta gero.
Carles Puigdemont Artur Masen ordez Generalitateko presidente gisa inbestitzeko Kataluniako Parlamentuaren plenoa bostak pasata hasi da.
Horren aurretik, Kataluniako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak formalki deitu dute Generalitateko presidente berriaren inbestidura plenoa, Kataluniako Alderdi Popularrak gaur goizean "Legebiltzarreko araudia betetzea edota plenoa bertan behera uztea" eskatu ostean.
Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen bilera. Argazkia: EFE
Alderdi Popularrak idazki bat aurkeztu du gaur goizean Kataluniako Parlamentuaren aurrean. Idazki horretan, salatu egiten du Parlamentuak inbestidura-prozesua egiteko zehaztuta daukan araudia ez dela betetzen ari, "ezin delako inolako eztabaidarik hasi, gutxienez bi egun aurretik ez bada eztabaida horretan oinarri gisa erabiliko den dokumentazioa banatu".
Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen arteko bilerak ordu erdi iraun du, eta Alde Popularraren eskaria aztertu dute; alabaina, ez dira botatzera iritsi, Kataluniako ganberako zerbitzu juridikoen iritziz, inbestidura-saioaren deialdia zuzena baita.