Politika -
IRUÑEKO UDALA
Iruñeko Udalak Frankismoaren krimenen kontrako kereila aurkeztuko du
Memoria historikoaren aldeko bi elkartek Iruñeko udalean aurkeztutako mozioa aurrera atera da. Beraz, horrelako kereila aurkezten duen Estatu espainiarreko lehendabiziko udala izango da.
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Iruñeko Udalak Frankismoaren krimenak auzitara eramango ditu eta Iruñeko Epaitegian kereila aurkeztuko du, Memoria historikoaren aldeko bi elkartek, Bideko Mitxoletak eta Memoriaren Autobusak, egindako eskaera onartuta.
UPNk ez, gainerako talde guztiek mozioa babestu dute -17 boto alde eta 10 kontra-. Beraz, Estatu Espainiarrean horrelako kereila bat aurkeztu duen lehendabiziko udala izango da Iruñekoa.
Gerra fronterik egon ez zen arren, 1936ko Estatu kolpearen ondoren, Nafarroan 3.000 lagun baino gehiago fusilatu zituzten, horietako 308, Iruñean. Tartean, Nafarroako hiriburuko zazpi zinegotzi zeuden. Mozioa aurkeztu duten elkarteek Udalak emandako pausoa eskertu dute.
Mozioa Udalera eraman aurretik, udal talde guztiekin bildu dira bi elkarteok, euren asmoen berri emateko eta iritziak jasotzeko. EH Bilduk, Aranzadik, I-Ek, PSNk eta Geroa Baik mozioaren aldeko jarrera erakutsi zuten. UPN ez zen bilerara joan.
Bideko Mitxoletak eta Memoriaren Autobusak taldeen aburuz, "Egia eta justizia merezi dute Frankismoaren biktima guztiek".