Politika -

KATALUNIA

Rajoy: 'Demokraziari uko egin nahi diote, eta ez dut onartuko'

Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu duen helegitea 'demokraziaren aldarrikapen gorena' izan dela esan du Rajoyk.

Demokrazia apurtzerik ez du onartuko Rajoyk

1:30

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak esan du ez duela onartuko "denon artean eraikitako elkarbizitzarako arauak" inork urratzea eta demokrazia zalantzan jartzea. Horren hitzetan, Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpen independentistaren aurka Espainiako Gobernuak gaur jarritako helegitea "herri oso baten eta, batez ere, Kataluniako herritarren defentsan" jarritako helegitea da. "Demokraziari uko egin nahi diote, ez hori ez dut onartuko", zehaztu du.

Ministroen Kontseiluaren ondoren hedabideen aurrean, Moncloan, egin duen agerraldian, Rajoyk nabarmendu du gaurkoa Kataluniako prozesua geldiarazteko eman duen azken urratsa izatea nahiko lukeela. "Helegite gehiago ez aurkeztea eta beste neurririk hartu behar ez izatea nahiko nuke", esan du.

"Denon artean eraikitako elkarbizitzarako jarritako arauak" urratzea ez duela ametituko esan du. Kataluniaren independentzia bultzatzen ari diren agintariak "legea urratzen" eta "demokraziari uko egiten" ari direla gaineratu du. "Demokrazia suntsitu nahi dute. Ez dugu hori onartuko", azpimarratu du.

Hala, legea betetzen ez bada eta Auzitegi Konstituzionalaren aginduak errespetatzen ez badira, Espainiako Gobernuak "zorrotz eta proportzionaltasunez" erantzungo duela agindu du Rajoyk. Presidentearen iritzian, "zuzenbide-estatuari eta demokraziari egindako desafio" baten aurrean gaude. "Espainiako Gobernuko presidentea naiz, eta ez dut ametituko pertsona jakin batzuek denon artean eraikitako arauak suntsitzea. Auzitegien erabakiak errespetatzen ez badira, eta Konstituzioa urratzen bada, Gobernuak erantzun egingo du; zorrotz eta proportzionaltasunez erantzungo dugu, ez izan zalantza izpirik", gaineratu du.

Marra gorriak

Kataluniako subiranotasunaren aldeko bidea marraztu eta zuzendu duten buruzagi politikoek "atzera egitea" nahiko lukeela esan du Rajoyk.

Egoerari irtenbidea emateko, elkarrizketarako prest dagoen galdetuta, presidente espainiarrak erantzun du "edozertaz" hitz egiteko prest dagoela, betiere, "marra gorriak" non dauden argi izanda; Espainiaren batasuna, espainiar guztien eskubideak errespetatzea eta legea betetzea dira marra gorri horiek, gobernuburuaren esanetan.

Gaur aurkeztutako helegitean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak errespetatzen ez badira, Parlamentaren ahalmen legegilea bertan behera uztea eskatu duten ere galdetu diote agerraldira joan diren kazetariek. Erabaki hori Auzitegiari dagokiola esan du Rajoyk.

Kataluniako Ganberak "legeak eta ebazpenak" onartzeko ahalmena baduela esan du, baina "bere eskumenen baitan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainako Gobernuaren presidente ohia Albisteak Gaur Eguneko albisteak