Politika -
Memoriaren Eguna
Urkulluk 'biktima guztien memoria' aldarrikatu du
Bakea eta bizikidetza errotzeko, "eragindako kaltea eta biktimen duintasuna" aitortu behar direla erantsi du lehendakariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak "biktima guztien memoria" eta "eragindako mina aitortzea" aldarrikatu du astearte honetan, Bilbon.
Urkullu Gogora Institutuaren aurkezpenean izan da. Ekitaldi horretan adierazi duenez, euskal erakundeek "bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta indarkeria erabat eta errotik deslegitimatzen lagunduko duen memoria kolektiboa finka dadin" sustatu behar dute, 2008an Eusko Legebiltzarrean onartutako Biktimen Legeak eskatu bezala.
Halaber, bakea eta bizikidetza errotzeko "eragindako kaltea eta biktimen duintasuna" aitortu behar direla erantsi du.
Bestalde, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariak memoria "anitz" baten alde egin du, terrorismoari eta giza eskubideen urraketei zilegitasuna ematen ez diena.
Halaber, memoriak "kritikoa" izan behar duela aldarrikatu du, eta aniztasuna "memoriaren funtsezko zutabeetako bat" dela nabarmendu du.