Politika -

Memoriaren Eguna

Tejeria: 'Salbuespenik gabe, biktima guztiak oroitzeko eguna da'

Eusko Legebiltzarreko presidenteak dei egin die guztiei memoria egon dadin, “gutxieneko bat adosteko”. PPk eta UPyDk ez dute ekitaldi nagusietan parte hartu.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Biktima guztiak gogoan, baina ordezkari guztiak ez

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko ateak zabalik, ETA, GAL eta abusu polizialen biktimak omendu dituzte. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak aurten lehenengoz hartu du hitza. Gaurkoa “salbuespenik gabe biktima guztiak” oroitzeko eguna dela azpimarratu du.

Tejeriak dei bat ere egin die guztiei memoria egon dadin, “gutxieneko bat adosteko”, eta esan du “kausa politikoak ezin direla etika eta giza eskubideen gainetik jarri”.

Presidentearen hitzen ostean, ekitaldian parte hartu duten guztiek lore zuri bana jarri dute, banan-banan, su-ontziaren aurrean propio jarritako loreontzian.

Ekitaldian, lehendakaria buru Jaurlaritza osoa izan da, eta baita Legebiltzarraren Mahaiko kideak, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko legebiltzarkideak ere. Ezker abertzaleko legebiltzarkide guztiek hartu dute parte memoriaren eguneko ekitaldi instituzionalean. Bi minutuko isilunearekin amaitu da ekitaldia.

PPk eta UPyDk ez dute parte hartu

PPk eta UPyDk, ostera, ez dute Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi nagusietan parte hartu, baina Alderdi Popularreko kideak herri batzuetan prestatutako ekitaldietan izan dira, Ermuan (Bizkaia), esaterako.

Gasteizko Ganberan egin duten omenaldiak eta Iñigo Urkulluren Gobernuak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan, Bilbon, antolatutako ekitaldiak "ez dute betetzen" terrorismoaren biktimak bakarrik aintzat hartzeko helburua, PPren ustez.

Gogora Institutua efe

Aintzane Ezenarro, Gogorako zuzendaria, Rainer Huhle eta Ricard Vinyes txostengileekin, Memoriaren Institutuan. Argazkia: EFE

Memoriaren Eguneko sorreraren “zentzua” berreskuratzeko eskatu zien PPk Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari. Hala, terrorismoaren biktimak bakarrik omentzea eskatu zuen.

Memoriaren Egunean beste biktima batzuk (Poliziaren abusuak pairatu zituztenak, esaterako) omentzeak “terrorismoa gaitzetsi gabe jarraitzen dutenentzat zurigarria” izan nahi duela kritikatu du Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak.

Memoriaren Eguna azaroaren 10ean egiten da, terrorismoaren biktimarik izan ez den egutegiko egun bakarra delako.

2010ean egin zuten aurrenekoa, eta lehen unetik alderdien eta erakundeen arteko desadostasunak nagusi izan dira omenaldietan; izan ere, alderdiak biktimak gogoratzeko garaian ez dira ados jartzen.

Aurten zatiketa izan da berriro. PPk eta UPyDk ez dute ekitaldi nagusietan parte hartu. Gainerako alderdietako ordezkariak bertan izan dira, baita EH Bildurenak ere.

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak elkarretaratzea deitu du, “dispertsioaren eraginez hildako biktimen memoriaren alde”.

PPk ez du Gasteizen parte hartu

PPk ez du parte hartu Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek antolatutako ekitaldi bateratuan, eta ez du sinatu Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) proposatuta Arabako hiriburuko Udalak adostutako testua.

Gainerako alderdiek onartu dute Legebiltzarrak 2013ko martxoaren 14an adostutako testu bera. PPk, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk sinatu zuten orduan, eta, besteak beste, honakoa jasotzen du: “bakeak eta elkarbizitzak indarkeriaren bidegabekeria, egindako kaltea eta biktimen duintasuna onartzea behar dute, biktima guztiek egia, justizia eta kalte-ordaina merezi dutelako”.

Testuak “ez dio terrorismoaren indarkeriari erreferentzia espliziturik egiten”, Bozeramaileen batzordean PPk eskatu zuen moduan, Gasteizko PPren esanetan.

Horrela, PPk ekitaldi propioa antolatu du Gasteizen, Agustin Ibarrolaren oroitarriaren alboan, terrorismoaren biktimak bakarrik omentzeko.

PP Ermuan izan da

Bestalde, Ermuko Udalak antolatutako ekitaldian ere izan da PPren ordezkaritza bat, alderdiko iturriek baieztatu dutenez. Terrorismoaren biktimak omentzen dituzten tokietan egotea da beraien irizpidea, horien arabera.

Minutu bateko isilunea egin dute Ermuan. Ondoren, lore eskaintza egin dute, eta Carlos Totorika (PSE-EE) alkateak hitza hartu du. EH Bilduko hiru zinegotziek ez dute euren parte-hartzea baieztatu, Udaleko iturriek zehaztu dutenez.

Ez dira Bilbon izan

Aurreko urteetan Bilboko Udalak antolatutako lore eskaintzan parte hartu dute PPko ordezkariek, baina aurten ez dira Casilda Iturrizar parkean izan. Plaka batek “terrorismoaren biktima guztiak” gogorarazten ditu bertan.

Donostian ere ez

Era berean, PPko zinegotziek ez dute Donostiako ekitaldian parte hartu. Udalak hamar minutuko isilunea antolatu du Alderdi Eder Parkean.

Irunen eta Lasarten deitutako elkarretaratzeetan, ostera, bai egon dira PPko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia bideoak Ermua albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Euskadiko PP berriak Gaurko titularrak Irun argazkiak Lasarte-Oria bideoak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur GAL gaur