Politika -

'Autokritikaren balioak'

Autokritika egiteko beharra azpimarratu dute hainbat biktimak

'Autokritikaren balioak' izeneko jardunaldietan, ETAren eta GALen hainbat biktimak esan dute euskal gizarteak iraganaren berrikuste kritikoa egin behar duela.

'Autokritikaren balioak' jardunaldiak Donostian. Argazkia: EFE
'Autokritikaren balioak' jardunaldiak Donostian. Argazkia: EFE
Indarkeriaren gainean hausnarketa egin dute ETAren eta GALen biktimek

5:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren eta GALen hainbat biktima bat etorri dira gaur euskal gizarteak iraganaren berrikuste kritikoa egin behar duela esaterakoan. "Autokritikaren balioak" izenburupean Donostian egiten ari diren jardunaldietan, biktimek adierazi dute iraganean indarkeriaren aurrean izan zuen jarrera berrikusi behar duela euskal gizarteak.

Ostiralean hasi eta gaur amaituko da Globernance institutuak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean Donostian antolatu duen autokritikari buruzko jardunaldia. Gaur, mahai baten bueltan elkartu dira Andoitz Korta, ETAk 2000. urtean hildako Joxe Mari Kortaren semea; Carmen Hernandez, ETAk Durangon hildako Jose Maria Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna; eta Pili Zabala, GALek bahitu, torturatu eta hildako "Joxi" Zabala ustezko ETAko kidearen arreba.

"Gizarteak berrikuste ariketa bat egin behar du giza eskubideen urraketak baztertzeko", adierazi du Carmen Hernandezek. Haren esanetan, "euskal gizartearen zati handi batek indarkeria justifikatu du eta beste zati batek beste alde batera begiratu zuen".

Ildo berean mintzatu da Pili Zabala ere eta euskal gizartearen "hondatze etikoa" azpimarratu du: "Hemen denok egon gara isilik".

Andoitz Kortak ere autokritika egin du eta onartu du ETAk haren aita hil aurretik ez zela bakearen aldeko ekintzailea eta ez ziela inoiz babesik eskaini indarkeria pairatu zutenei. "Banekien nire aita mehatxupean zegoela eta beste alde batera begiratzen nuen. Orain badakit gaizki jokatu nuela, gaizki sentitzen naiz nire aitaren alboan eta indarkeria pairatu zuten beste biktima batzuen ondoan egon ez izanagatik", aitortu du.

Hernandezek, Kortak zein Zabalak beren senideen hilketaren nondik norakoak gogora ekarri dituzte eta, gorrotoaren gainetik, bizitzen jarraitzeko egindako ibilbidea nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak ETA albisteak Albisteak GAL albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa