Politika -
Gipuzkoako Auzitegia
Frankismoko biktimek deklaratuko dute, Argentinako kereilaren baitan
Jose Ariztimuño apaiza tiroz hil zuten, eta Pedro Estonba Donostiako komisarian torturatu zuten, 1971n. Estonbak eta Ariztimuñoren senide batek Donostiako epaitegian deklaratuko dute gaur.
agentziak | erredakzioa
Aitzol Azpirozek eta Pedro Estonbak deklaratuko dute asteazken honetan Donostiako Auzitegian, Argentinak frankismoko krimenen harira jarritako kereilaren baitan. Azpiroz tirokatuta hil zuten Jose Ariztimuño apaizaren senidea da; Estonba, berriz, torturatu egin zuten, Donostiako komisarian, 1971n.
Lehendabiziko aldia da Estatuko auzitegi batean frankismoaren biktimek deklaratuko dutela Maria Servini epaileak egindako eskaeraren ondorioz.
Frankismo garaiko krimenen kontrako kereilaren aldeko euskal plataformako ordezkariek agerraldia egin dute Donostian eta asteazken honetan, 12:00etan, auzitegi aurrean deitutako elkarretaratzea parte hartzeko gonbita luzatu dute, biktimei babesa emateko eta justizia eskatzeko asmoz.
Josu Ibargutxi bozeramaileak gogoratu du “ehunka” direla Estatuko auzitegi batean “lehendabizikoz deklaratzeko zain daudenak”. Espainiako Gobernua jartzen ari den trabak kritikatu eta diktadurak iraun zuen 40 urteotan torturak eta kartzela-zigorrak “ohiko” bilakatu zirela salatu dute.
Torturak eta hilketak
Estonbak jasandako torturen testigantza eman du. 21 urte zituela, poliziek kalean atxilotu zuten, salbuespen egoera ezarrita zegoela. Amarako komisarian izan zuten 16 egunetan torturatu zuten eta ondoren Martutenen espetxeratu zuten.
“Niretzako urrats garrantzitsua da epaitegi baten deklaratu ahal izatea, torturen biktima izateagatik justizia eta erantzuleak zigortzea eskatzeko aukera eman didalako”, azpimarratu du Estonbak.
Ariztimuño “Ondarretako espetxean torturatu ostean eta inolako epaiketarik izan gabe” hil zutela azaldu du Ibargutxik. “Beste 196 pertsona ere hil zituzten, eta Hernaniko hilerrian hobiratu”, erantsi du.
“Bost hilabetetan zortzi apaiz hil eta ehunka herritar hil zituzten. Genozidioa izan zen”, nabarmendu du.
Prozesu judizial “sinbolikoa”
Ibargutxik aitortu du pertsona hauentzako oso garrantzitsua dela Estatuko epaitegietan deklaratu ahal izatea, eta pauso sinbolikotzat jo du, “kereilak aurrera segitzen duela erakusten duelako”.
Hala ere, egungo Espainiako Gobernuarengandik ezer espero ez dutela argi utzi du, “orain arte frankista bakar bat bera ere ez dutelako epaitu eta zigortu”. Alabaina, hauteskunde orokorren ostean Gobernu aldaketa egotea eta Exekutibo berriak gertatutako argitzen lagunduko duenaren itxaropena agertu du.
Gauzak horrela, Ibargutxik adierazi du “gizateriaren aurkako krimenez” ari garela eta, beraz, Estatuek “erantzukizun subsidiarioa” dutela. “Alemaniak nazismoarekin egin zuen bezala, Estatu espainolak ere egin beharko luke, 40 urtetan ez baita gai izan ardurak exijitzeko eta milaka eta milaka biktima eragin zituen diktadurarekin apurtzeko”, azaldu du.
Amaitzeko, Gipuzkoako erakundeei babesa eta elkartasuna eskatu die, eta Argentinako kereilak dioena kontuan hartzeko eskatu du: “Indarkeria ez zen 1960an hasi, batzuek esaten duten moduan; indarkeria 1936ko kolpe militarrarekin hasi zen”.
“Oroimena eta egia berreskuratu behar ditugu, bakea eta bizikidetzeko lortzeko oinarri sendo bat jarri nahi badugu”, azpimarratu du.