Politika -
Polemika
Asiron: 'Ez dugu erakusketarik debekatu, ezta zentsuratu ere'
Ziudadelan, Espainiako Poliziak eskatuta, terrorismoaren biktimen inguruko erakusketa egiteko baimena ukatu du Udalak.
Agentziak | Erredakzioa
Ziudadelan, Espainiako Poliziak eskatuta, terrorismoaren biktimen inguruko erakusketa egiteko baimena ukatzeko erabakiaz aritu da gaur Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Haren hitzetan, baimena ez ematea "ez da debekatzea, ezta zentsuratzea ere".
Erakusketa egiteko baimena zergatik ukatu zuten azaldu du gaur alkateak, udaletxean egindako herritarren batzordean. Asironek nabarmendu duenez, Ziudadela "sormen espazioa" izatea nahi du udal gobernuak, eta, ildo horretan, ekitaldi eta ekimen artistikoak bakarrik egiteko konpromisoa hartu zuen.
"Baimena ukatu bagenuen, ez genuen eskatzaileen izaeragatik egin. Erakusketaren edukiak aztertu eta gero hartu genuen erabakia", esan du. Izan ere, erakusketa bera leku "egokietan" egin zuten Madrilen, Bilbon eta Palman, eta toki horietan erabilitako irizpideak "baliagarriak" dira Iruñeko kasuan ere.
Enrique Maya Iruñeko alkate ohiak afera honetan izandako jarrera kritikatu egin du Asironek. Horren hitzetan, "baimena eman eta bost egunera aginte makila eman behar zuela jakinda, isilpean" izenpetu zuen Mayak erakusketa egiteko baimena. Horrek, EH Bilduko alkatearen aburuz, susmopean jarri du UPNko kidea. "Agian gure gobernua estutasunean jartzeko egin zuen", ohartarazi du.
Asironen esanetan, UPNk "mezen, prozesioen eta jantzien" inguruko oposizioa darabil, eta EH Bilduk, udal gobernuak eta berak "biktima guztiekiko, ETArenak barne, konpromisoa" dutela azpimarratu du.
Oposizioaren esanean, alkateak "trikimailuak eta amarruak" erabili ditu erakusketa galarazteko. Hori horrela, Enrique Maya UPNko bozeramaileak esan du ekitaldia "bertan behera" utzi izanak "biktimak eta iruindarrak" haserre dituela.
Maite Esporrin PSNko bozeramaileak "erabateko arbuioa" agertu dio "debekuari", eta "azalpenik eman gabe" egin dutela deitoratu du,
Aitzitik, Asironen Gobernua babesten duten alderdiek (Geroa Bai, I-E, Aranzadi eta EH Bildu) "biktimak erabiltzea" egotzi diote UPNri, eta erakusketa hartzeko hautatutako gela ez zela "egokia" azaldu dute, "beste gauza batzuetarako" erabili ohi baita.