Politika -
Nafarroa
Urtebeteko espetxe-zigorra sare sozialetan ETA goratzeagatik
Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzelaldia ezarri dio Arbizuko auzokide bati Facebook eta Twitter bidez ETA goratzeagatik eta biktimak umiliatzegatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe-zigorra ezarri dio Arbizuko auzokide bati, Facebook eta Twitter bidez ETAren terrorismoa zuritzeagatik, ETAko kideak goratzeagatik eta biktimak umiliatzeagatik.
Fiskaltzarekin akordioa lotu ostean ezarri diote zigor hori, akusatuak egotzitako delituak aitortu eta gero, Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren hirugarren atalak gogora ekarri duenez.
Ebazpenaren arabera, akusatuak bi profil sortu zituen 2010ean Facebooken eta Twiterren, 'Asier Sakaranda EH' ezizena erabilita. Hortik aurrera, ETAren ekintzak zuritzen zituzten "mezu, iruzkin eta argazki kopuru handia publikatzen hasi zen". Gainera, "ETAko kideak goratzen zituen, eta talde kriminal horren biktimak umiliatu".
Auzitegi horren arabera, "plataforma horiek duten izaera publikoari esker, mezu horiek hedapen handia izan zuten".