Politika -
Gipuzkoa
EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo du Igeldoko kontsulta
Epaileek oniritzia eman diote Gipuzkoako Aldundiaren kontsulta legeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldo auzoa Donostiatik bereizteko azken legegintzaldian deitutako kontsulta.
Galdeketa hori 2013ko azaroaren 10ean egin zuten, 2010eko foru arau bat oinarri hartuta. Kontsulta deialdiaren aurka, baina, helegitea aurkeztu zuen Estatuko Abokatutzak, foru erakundeak horretarako eskuduntzarik ez zuela argudiatuta.
Auzitegi Nagusiak ez du onartu Estatuaren helegitea, kontsultaren eremua lurraldea zelako, eta udalen mugak zehaztea Foru Aldundiari dagokiolako. Gainera, 16 urtetik gorakoak deitu zituzten botoa ematera, lurraldeko hautesle-erroldan ez bezala, eta, hori dela eta, ez zen "erreferendum kontsulta" izan, helegitea jarri zutenek kontrakoa iritzi arren.
Gipuzkoako Aldundia pozik agertu da epaiarekin, eta Auzitegi Nagusiak kontsultak deitu ahal izateko araua "blindatu" egin duela nabarmendu du.