Politika -
'Lekanda' polizia operazioa
Otxandion atxilotutako lau lagunak, aske
Luzia Urigoitia ETAko kideari ustez omenaldia antolatzeagatik, terrorismoa goratzea egotzi die Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.
EITB.EUS
Luzia Urigoitia herrikide eta ETAko kideari ustez omenaldia antolatzeagatik, terrorismoari gorazarre egitea egotzita atzo Otxandion (Bizkaia) atxilo hartutako lau lagunak aske utzi ditu Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hori bai, inputatuta jarraituko dute. Hala, 15 egunean behin epaitegira joan beharko dute eta ezingo dute Espainiako Estatutik irten.
Amaiur Lopez de Lacalle, Miren Soloeta, Asier Duran eta Aitor Uribe goizean goiz atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak, 'Lekanda' operazioaren baitan. Gerora, herri bizkaitarreko gaztetxea miatu zuten agenteek, proba bila. Miaketa bukatuta, Madrilgo Tres Cantos kuartelera eraman zituzten laurak eta han eman dute gaua.
Luzia Urigoitia Ajuria ETAko kideari uztailaren 25ean, Otxandion, egindako omenaldia antolatu, zuzendu eta koordinatzea egotzi diete lau atxilotuei. Urigoitia Donosti taldeko kidea zen eta 1987ko uztailaren 22an hil zuten Pasaian (Gipuzkoa), segurtasun indarren kontrako borroka batean. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak EAEko udalerrietan gertatutako giza eskubidearen urraketen 128 erretratuetako bat da Urigoitiarena, "informazio gehiago behar dituzten kasuen" barruan.
Hain justu, Biktimak omentzeko eta horiek aitortzeko ekitaldiak egiteko "babes publikoa" eskaintzea eskatu zien Otxandioko Udalak lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariari. Atxiloketen ostean egindako osoko bilkura batean, udalean ordezkaritza duten bi alderdiek (EH Bildu eta EAJ) "indarkeria politikoaren biktimek aitortuak eta omenduak izaten duen eskubidea" aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuten. Euren hitzetan, atxiloketen ondotik, Otxandioko udal ordezkariak "beldur" dira "biktimak omentzeak izan ditzakeen ondorio penalekin".