Politika -

'Lekanda' operazioa

Lau pertsona atxilotu dituzte Otxandion terrorismoa goratzea egotzita

Luzia Urigoitiari uztailaren 25ean herrian egindako omenaldia antolatzea egotzi diete. Jaurlaritzaren udal mapan biktima gisa agertzen da Luzia.

Otxandio
Otxandio
Otxandion lau lagun atxilotu dituzte terrorismoa goratzeagatik

1:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu goizaldean, Otxandion (Bizkaia), ustez terrorismoa goratzeagatik, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek Europa Press albiste-agentziari jakitera eman diotenez. Herri horretako gaztetxea miatu du Guardia Zibilak.

Atzemandakoak Tres Cantoseko kuartelera eramango dituzte, Madrilen, eta, segur aski, asteazken honetan utziko dituzte epailearen esku.

Iturri berdinen arabera, atxiloketak 05:50 aldera hasi dira. 'Lekanda' operazioan atxilotutako lau lagunek ustez Luzia Urigoitia Ajuria ETAko kideari uztailaren 25ean, Otxandion, egindako omenaldia antolatu, zuzendu eta koordinatu zuten. Urigoitia Donosti taldeko kidea zen eta 1987ko uztailaren 22an hil zuten Pasaian (Gipuzkoa), segurtasun indarren kontrako borroka batean. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak EAEko udalerrietan gertatutako giza eskubidearen urraketen 128 erretratuetako bat da Urigoitiarena, "informazio gehiago behar dituzten kasuen" barruan.

Auzitegi Nazionalak aginduta, gainera, herriko gaztetxea miatu du Guardia Zibilak, lau atxilotuetatik hiru barruan zirela. Terrorismoaren kontrako borrokan aritzen diren iturrien arabera, bertan gorde omen zituzten omenaldia egiteko gauzak.

Kanpoaldean hamarnaka lagun batu dira, atxilotutakoei elkartasuna erakusteko eta operazioa salatzeko. Guardia Zibilak hesia du jarria inguruan eta 12 bat ibilgailu ditu gaztetxe ondoan.

Hainbat hedabideren arabera, atxilotuetako bat Txagorritxuko ospitalera eraman dute, eta habeas corpus-a eskatu du.

Barne Ministerioak jakinarazi duenez, ekitaldia Otxandioko zaindariaren jaietan egin zuten. "Ezker abertzaleko ehun bat pertsonek" elkarretaratzea egin zuten herriko plazan, Elixoste kaleko 11 eta 13 zenbakien artean.

Elkarretaratzea aurrera eramateko aldez aurretik deialdi publikoa egin, ekitaldia prestatu eta antolatu behar izan zuten. "Aldian-aldian herrian ETAko kidea omentzeko ekitaldiak" egin dituztela erantsi du Ministerioak.

Fernandez Diaz: "Biktimak babestu beharra dago"

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuaren Barne ministroaren esanetan, “Estatuak eta erakunde publikoek oro har biktimen duintasun eskubidea babesteko beharra dute, eta terroristak goratzea edota biktimak iraintzea dakartzaten ekitaldien aurka agertu behar dute”.

Halaber, operazioa abiatzea “Auzitegi Nazionalak eta Fiskaltzak” erabaki dutela eta helburua “terrorista bat ustez goratu duten lau pertsonak” epailearen esku uztea dela azaldu du.

Operazioak "funtsa" duela pentsatzen du Jaurlaritzak

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak “pentsatzen” du operazioak “funtsa” duela, Josu Erkoreka bozeramaileak esan duenez.

Nolanahi ere, adierazpenik egin baino lehen informazio “zehatzagoa” behar dutela erantsi du.

Sortu: "Estatuak ohi bezala erantzun du berriro"

Polizia operazioaren ostean, Sortuk gogorarazi du Luzia Urigoitia Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak EAEko udalerrietan gertatutako giza eskubideen urraketen erretratuetako bat dela, eta txostena Iñigo Urkullu lehendakariak berak entregatu ziola herriko alkateari irailaren 4an.

Pernando Barrena alderdi abertzalearen bozeramaileak eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, eta Estatuak “ohi bezala” erantzun duela salatu dute, hots, "modu basatian". "Argudiorik ez duenez, bortxakeriaz jokatu du berriro", gaineratu dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bizkaiko albisteak Delituak albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Durangaldea albisteak Arratia-Nerbioi