Politika -
GIPUZKOA
Erraustegiaren eta bosgarren edukiontziaren alde egin du Markel Olanok
Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, "laguntza" emango diete Atez Atekoa kendu nahi duten udalerriei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du erraustegia eta "hondakinak kudeatzeko gainerako azpiegiturak" eraikiko dituela legegintzaldi honetan.
Olanok agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernu eta Araudi lantaldean, bere agintaldiko ildo nagusiak aurkezteko.
Halaber, bosgarren edukiontzia ezarriko dutela eta Atez Atekoa kendu nahi duten udalei lagunduko dietela ere nabarmendu du.
Azpiegituren arloan ere iragarpenak egin ditu, hala nola Deskargako lanak bukatuko dituztela eta N-8 eta N-I errepideak zaharberrituko dituztela. Azken bide horretan, Foru Gobernuak bidesari-sistema ezarriko du kamioientzat, Irunen eta Etzegaraten.
"AHT babestea eta Pasaia erreformatzea bi proiektu garrantzitsuenetakoak izango dira", erantsi du Olanok.
Kulturari dagokionez, Tabakalera zentroa "indartzea" eta Kultura Hiriburutzan buru belarri aritzea ere aipatu ditu, lehentasun gisa.