Politika -

Alkateen bilera

Urkulluk eta hiru alkatek ireki dute biktimen inguruko jardunaldia

'Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)' txostena emango die lehendakariak 128 alkateri. Oroimenaren Institutuan egiten ari dira ekitaldia, 11:45ean hasita.

 

Biktimak
Biktimak
Biktimak

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bilboko (Juan Maria Aburto, EAJ), Errenteriako (Julen Mendoza, EH Bildu) eta Irungo (Jose Antonio Santana, PSE-EE) alkateek ireki dute, ostiral honetan, Bilbon, biktimen eta memoriaren inguruan egingo den ekitaldia. Lau buruzagiok hedabideen aurrean hitz egingo dute, eta, ondoren, ateak itxita jarraituko dute gaiaz gogoeta egiten.

Lehendakariak eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak txosten bat emango diete 128 alkateri. Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)" izeneko txosten horretan, azken 50 urteetan horietako bakoitzaren udalerrian eraildako biktimak egongo dira jasota. Egitasmoa Oroimenaren Euskal Institutua hartuko duen egoitzan egingo da.

Dokumentu pertsonalizatuak izango dira udalerri bakoitzarentzat (Arabako 14, Bizkaiko 58 eta Gipuzkoako 56). Dokumentu horietan, ETA (Euskadi Ta Askatasuna), GAL (Grupos Antiterroristas de Liberación), Batallón Vasco-Español, GAE (Grupos Armados Españoles) eta Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista) taldeek eta Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten pertsonen datuak jasotzen dira. Denera 707 hilketa daude jasota erretratuetan.

Harrera ekitaldia

11:45ean hasi da ekitaldia; Urkulluk harrera egingo die alkateei, eta banan-banan emango die dokumentua.

Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, gaurkoa bezalako ekimenekin, biktima guztiak gogoan izateko ekitaldiak bultzatu nahi dituzte, "udalerriei  horretarako autonomia osoa emanaz".

Eguerdian egingo duen hitzaldian, biktima guztiekiko konpromiso etikoa eta politikoa agertuko du lehendakariak. Memoria errekuperatzeko bidean, elkarlanerako deia egingo die alkate guztiei. Jaurlaritzak bakegintzan abian jarri dituen eta jarriko dituen urratsetako bat baino ez dela honakoa nabarmenduko du Urkulluk.

Iritzi kontrajarriak

PP, UPyD eta Podemos-Ahal Dugu ez dira biharko ekitaldian egongo, ez dutelako alkatetzarik Jaurlaritzak egindako dokumentuan jasotako udalerrietan.

Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Luis Intxauspe Hernanikoak, biak EH Bildukoak, biharko bileraz hitz egin dute ezker abertzaleko koalizioaren izenean. "Irakurketa baikorra" egin dute, eta ekimenak etorkizunean "jarraipena" izatea nahiko luketela gaineratu. "Bakearen eraikuntza eta egonkortzea xede izanda, erakundeen arteko elkarrizketa politikoa bultzatzeko edozein ekimen modu baikorrean hartzen dugu, eta, horrenbestez, parte hartuko dugu bertan", nabarmendu dute.

Arantza Quirogak, Euskadiko PPko presidenteak, Urkulluk Alderdi Popularra biktimen omenalditik at utzi izana kritikatu du, "EH Bildu eroso egon dadin". "Arraro egiten zaigu ETAren erasoak gehien sufritu duen alderdia izanda, gutun bidez jakin izana biktimei egingo zaien omenaldiaren berri. Eta bitxia da omenaldira joango diren zenbait alkate ETAren biolentzia sustatu dutenak izatea", Quirogaren hitzetan.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak, berriz, ekitaldia bertan behera uzteko eskatu dio lehendakariari, oraindik ETAren ekintzak gaitzetsi ez dituzten ezker abertzaleko "lotsagabeak" joatekoak baitira bertara. Eusko Legebiltzarrean egin duen prentsaurrekoan, omenaldi horren aurka agertu da Maneiro, bere ustez, ETAren biktimak eta poliziaren indarkeriak eragindakoak parekatu nahi direlako bertan.

Idoia Mendia PSE-EEren buruaren aburuz, bestalde, ''anbizio gutxi'' ari da erakusten Jaurlaritza biharko ekitaldiari begira.

EAJk esan duenez, ekimenak "harrera ona" izan du udaletan,  "erreminta oso baliagarria" delako "memoria historikoa" eta "biktimen sufrimenduaren"  erretratua errekuperatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Urkullu Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Gogora